miércoles, 23 de marzo de 2016

LAGUNEKIN BERRIZ ETA IPARRALDERANTZ

Bidaia honetan, aurrekoetan ez bezala, egin ditugun lagunekin berriz elkartzeko aukera izan dugu. Buenos Airesen, bidaiaren hasieran bezala, Nuñez auzoko Maite eta Nachoren etxean eman ditugu egun batzuk.

 
Ederra izan da berriz ere elkartzea eta oraingoan, harremana estuagoa, etxean bezala sentitu gara. Bizikletak kutxetan sartu eta Cordobarako autobusa hartuta agur esan diegu Buenos Airesi eta gure lagunei. Berriz ere elkartuko garelakoan, laster arte!


 
Cordoban zain geneuzkan Alta Graciako lagunak. Pablok bigarren aldiz tokia egin digu bere etxean eta asado eder batekin eman digu ongi etorria. 


Huellas bizikleta taldeko lagunekin asadoaz gozatzeaz gain txango bat ere egin dugu. Dena ez da tripa batetzea izango!

 
Alta Graciatik Cordoba hirira hurbildu gara tango ikuskizun politaz gozatzera.


Pabloren familiarekin igande pasa atsegina ere izan dugu argentinar familia askok igandero egiten duten bezala.

 
Iritsi zaigu Alta Gracia utzi eta Argentina iparralderantz joateko ordua, baina oraingoan ez goaz bakarrik. Pabloren Combi furgoneta zaharreko sabaian bizikletak jarri eta bagoaz Pablo eta Veronicarekin batera. Agur Alta Gracia, Horacio, Pablo Rivarola, Heru… hurrengora arte!

 
Iparraldera hurbildu garen heinean agertu dira lehenengo llamak eta kaktusak. Hau beste Argentina bat da.

 
Cafayaterako bidean Quilmes herriaren aztarna zaharrak ezagutzeko geldialdia egin dugu. 5.000 pertsona inguru bizi zen garai batean herri honetan. Espainiar kolonizatzaileei gogor aurre egin ostean azkenean mendean hartu zituzten. Beraien herria suntsitzean gain 1667. urtean bizirik geratu zirenak milaka kilometrora deportatu zituzten, Buenos Airesetik gertu, bidean gehienak hil zirelarik. Gaur egun Argentinako garagardorik ospetsuenak Quilmes izena darama…


Calchaqui bailararen hegoaldean dagoen Cafayate herri politera iritsi gara. Mendiz eta mahastiz inguraturik, 1.680 metroan, ezaguna da bertako Torrontes ardo zuriagatik eta dastatzeko aukera izan dugu.


 
Cafayatetik Salta hiribururako bidea hartu bezain pronto “Quebrada de las Conchas” arroila ikaragarrian sartu gara. Las Conchas errekak sortutako arroila honek arroka gorrian forma ederrak margotuak ditu.

 
Horrela sortu dira Anfiteatroa eta “Garganta del Diablo”.


 
Salta eta Jujuy hiriak atzean utzita iritsi gara Purmamarca herrixkara. Hortxe gaude gosaltzen kanpinean. VeroAinhoa, Pablo.

 
Quebrada de Humahuaca”n dauden herrietako bat da Purmamarca, oso ezaguna bertan dagoelako “Cerro de los siete colores”. Ez ditugu koloreak zenbatu baina zoragarria da tokia.




Bailaran gora jo dugu bertako Tilcara eta Humahuaca herrixkak ere ezagutuz. Herri txiki politak. Adobezko etxeak, eliza zaharrak eta turistentzat dendatxoak.



Bailarako beste formazioa sinesgaitza “Paleta del pintor”.


Humahuacatik Salta hiriburua ezagutzera etorri gara. Hiriko erdialdean etxe kolonial ugari dago eta inguruan jendea joan etorrian.


Garai batean eraikinik garrantzizkoena zen kabildoa.


San Francisco eliza.

 
Bost eguneko bidaia honetan kilometro ugari egin behar izan ditu Combi zaharrak eta bere arazoak eman dizkigu. Eskerrak Saltan Dario mekanikoa topatu dugun.

 
Saltatik Cafayatera bueltatu gara eta han Pablo eta Veronica agurtzeko ordua heldu da. Bost egun eman ditugu gustura baino gusturago iparraldeko inguruak ezagutzen eta orain, beraiek Alta Graciara bueltatu behar dira eta guk berriz ere bizikleta bidaiari berrekingo diogu. Mila esker bihotzez!


ETA AZKENEAN… BERRIZ ERE BIZIKLETAZ!
Atzean geratu dira Argentina eta Txileko hegoaldeak eta orain norabidea aldatu eta iparraldera begira jarri gara. Hilabete pasa da bizikletaz ibili gabe eta ederki sumatu dugu sasoia galtzea. Tripa betea baina zangoak ahul, gogorrak izan dira lehen egun hauek. Calchaqui bailaran gora iparralderantz hasi gara herrixkatik herrixkara.



Angastaco herrixkara iritsi aurreko kilometroak oso gogorrak egin zaizkigu. Eguerdiko beroak eta hondarrezko bideak lehertuta utzi gaituzte. Eskerrak bidea arroila estu eder batetik zihoala eta horrek poztu gaituen.




Bailarari izena Calchaqui ibaiak ematen dio eta izena emateaz gain, askoz garrantzizkoagoa, bizia bera ematen dio. 

 
Ura da bailarako altxorrik preziatuena eta honi esker bertako biztanleek lurrak landu ditzakete.


Tipula da nagusi inguruan baina piper gorriak, eguzkitan lehortzen, ere ikusi ditugu.



Bailaran gora iritsi gara hurrengo herri garrantzitsura, Cachi herrira. Mendi erraldoien azpian dotore agertzen da.

 
Herria txikia izanagatik nahiko ezaguna da turisten artean, baina halere giroa oso lasaia da. Lasai gabiltza herriko plazan 1796. urteko San Jose elizaren ondoan. 

 
Cachin oso toki berezian hartu dugu ostatu. Aurreko egunean Molinos herrixkan Pablo eta Facundo topatu genituen. Herriz herri dabiltza denetarik saltzen: hozkailuak, koltxoiak, armairuak, oheak… Cachin dute Reyes Hogar denda eta bertan, saltzeko dauzkaten koltxoietako batean (Pablok azaldu digunez daukaten koltxoirik hoberenean), ohea prestatu digute.


Cachitik bailaran gora jarraituko dugu Calchaqui errekaren ondotik. Bailararen bukaeran daukagu Abra Acay mendatea gure zain 4.900 metrorekin, ea ordurako zangoak gogortzen zaizkigun!

5 comentarios:

  1. Muchos besos desde Gasteiz y felices de que disfrutéis tanto de lo que os gusta. Se os ve bien. Que sigais haciendo realidad vuestros sueños.

    ResponderEliminar
  2. Muy bonitas guay todo lo que estais viendo que disfruteis muchisimo besos. Soy pitxu

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Eskerrik asko Pitxu, eres una gran seguidora!!! Te mandamos un fuerte beso.

      Eliminar
  3. Atzo jaso genuen zuen postala.
    Zuekin batera bidaiatzeko aukera aparta. Eskerrik asko.
    Ondo segi ta bost muxu potolo.

    ResponderEliminar
  4. Buffff!!! Zoragarria bloga. Irakurtzean eta jartzen dituzuen argazkiak ikustean bidaiatzen ari naíz.
    Oraingoan izugarrizko aukera emango dizue hizkuntza menderatzea!!!
    Animo, disfrutatu eta jarraitu, mesedez, gozamena konpartitzen.
    Musu eta besarkada handi handi Bat Ainhoa.
    Gasteiztik Izaro eta Mireyan partez indar pila bidaltzen dizuegu

    ResponderEliminar