martes, 1 de marzo de 2016

USHUAIA

Ushuaia izena Yamana herriak eman zion toki honi eta badia sakona esan nahi du Yamana hizkuntzan. Itsasertzean duen kokapena  oso garrantzizkoa izan da hiriarentzat historian zehar eta horrela izaten jarraitzen du gaur egun ere.



Itsas merkataritza nabaria da bertako portuan.



Merkatal itsasontziez gain turistez beteriko transatlantiko erraldoiak ere hurbiltzen dira mundu guztiko jendea ekarriz.



Ushuaia Beagle kanalaren alde batean dago eta kanalaren beste aldean, kasu honetan Txileko lurraldean, Navarino irla. Hantxe, Ushuaia baino hegoalderago eta txikiago, Puerto Willians ikus daiteke.


Kanalaren alde honetan, berriz, Matias itsasoak emandako lapak jasotzen.


Ushuaiako egunak hiria bera ezagutzeaz gain ingurunea ezagutzeko ere baliatu ditugu. Horacio lagunak bere etxean hartu gaitu eta lagun zoragarria izateaz gain gidari lanean ere ibili da gurekin. 

Ojo del Albino glaziarrera egin dugu  txangoetariko bat .


Gorantz goazela, behealdean,  Laguna Esmeralda ikus daiteke.


Horacio gidari bikainarekin iritsi gara glaziarraren muturrera.




Baso eta erreka eder hauetan animaliatxo berezi bat bizi da: kastorea.


Kanpotik ekarri zuten garai batean, Kanadatik, eta gaur egun izurrite bat da. Sekulako  presak eraiki dituzte inguruko erreketan bertako ekosistemari kaltea eraginez. Hori bai, ingeniari bikainak direnik ezin uka.



Hiritik oso gertu Tierra de Fuego Parke Nazionala dago eta hau ezagutzera ere joan gara. Bertan egin ditugun ibilbideetatik ederrena Guanaco tontorrera doana izan da. Basotik hasi


eta igotzen joan garen heinean ikuspegia geroz eta ederragoa agertu zaigu.


Aurrez aurre Hoste irla bere mendi elurtuekin eta honen ezkerraldean Murray kanal estua.


Tontorretik ikuspegi zabala. Ekialderantz, behealdean Ushuaia eta Beagle kanala urrunean galtzen.


Mendebaldean itsasontzia Lapataia badian sartzen.


Tontorrean beste lagun bat bildu zaigu: Azeri Grisa. Hau, kastorea bezala, kanpotik ekarritakoa da. Adi ibili beharra dago honekin konturako orduko janaria lapurtzen baitu!


Ushuaia inguru ederrean kokatua dago, toki berezia da, baina hotza eta umela ere bada. Gogorra da hemen bizitzea, bertako historia bezala. Yamana herria txalupetan mugitzen zen inguru honetan mendeetan zehar, itsasoan eta itsasoaz bizi zen, kolonizatzaileak etorri eta urte gutxitan guztiak akabatu zituzten arte. Ezin zuten ulertu/onartu hauen bizimodua eta mendebaldeko bizimodua inposatu nahi izan zieten; horrek akabatu zituen.



Ushuaiako presondegia ere ezaguna izan zen. Hona ekartzen zituzten presoak zigorrik gogorrenak betetzera. Espetxetik basora trenez eramaten zituzten han, oso baldintza txarretan, lana gogor eginaraziz . 1904tik 1947ra egon zen irekia eta gaur egun museoa da kartzela zaharra. Noizbait kartzela guztiak museo bihurtuko al dira!



XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran kolonizatzaileek eraikitako etxe batzuk ere zutik ikus daitezke oraindik. Horien artean dago 1911. urteko Beban etxea.



Ushuaian bidaiako beste xelebrekeria bat gertatu zaigu. Horacio gure lagunari Asian eginiko bidaiari buruzko proiekzioa eskaini behar dugula bururatu zaio eta horrela, hiru egunean, emanaldia antola du. Oso gustura egon gara hurbildutako guztiekin solasean. Eskerrik asko bihotz bihotzez Horacio (ezkerraldean koadrodun alkandorarekin) eta Francisco, Ana, Paz…


AMAIERATIK HASI


Konturatu orduko hamar egun eman ditugu hemen eta iritsi zaigu agurtzeko ordua. Ushuaia, edozein bidaiariren amets. Zenbat alditan aipatu dugun, zenbat alditan imajinatu. Umetan frantses telebistan ikusten genuen abenturazko saio hura, munduko txoko bat zenik ere ez genekienean. Eta hemen gara. Baina onena, beti bezala, bidea bera izan da. Ushuaiako edertasunik handiena bertarainoko bidea baita.

Munduaren amaiera. Mundua hemen bukatzen omen. Ez, guretzat hau ez da munduaren amaiera. Bakoitzak bere mundu amaiera du eta hau ez, ez da gure munduaren amaiera. Dena perspektiba kontua baita. Hegoalderago Puerto Willians dago, eta hegoalderago Antartida… eta norabidez aldatuz gero, hegoaldera begiratu beharrean iparraldera begiratuz gero, kontinente oso bat dugu aurretik. Hortaz, iparraldera begira jarri eta berriro hastera goaz. Umeen kantuak dioen bezala… goazen berriro hastera! Edo hobe esanda, goazen jarraitzera. Hurrengora arte Patagonia.


Asmoa, Argentina iparraldera autoz, kamioiez, busez… iristea eta bertan berriz bizikletaz iparralderantz jotzea da, eta horri ekin diogu. Ushuaiatik 200 kilometrora dagoen Rio Grandera autostop eginez iritsi gara.


Han Horacioren familia genuen zain: osaba-izebak, lehengusuak…  primeran zaindu gaituzte.


Rio Granden kamioizale batekin genuen hitzordua: Jorge Rossi. Bere kamioian egin ditugu Buenos Aireseraino dauden 3.000 kilometroak, hiru egunean. Bidaia neketsua izan arren oso atsegina egin zaigu Jorge jatorrari esker. Zeinen gogorra den kamioizalearen bizitza.


Bidean, Caleta Olivian, geldialdia egin dugu lagun batzuk agurtzeko: itsas otsoak. Lasai asko topatu ditugu, elkarrekin goxo, siestan.




Kamio barrutik bidaiatzea bizipen polita izan da, hortik, kabinatik, beste modu batera ikusten baita mundua.


Buenos Airesen gaude orain, irailean geunden toki berean, Maite eta Nacho lagunen etxean.


4 comentarios:

  1. Aupa familia!!
    Nabarmen ikusten da ederki zabiltzatela paisai zoragarri eta animali ingeniarien artean. Orain zein da zuen asmoa??? iparralderuntz??? iparpoloraino??

    ongi jarraitu eta muxuak

    Iñigo iloba

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Iparra iparrean jarrita eta iparra ez dugun galtzen!

      Eliminar
  2. Aupa bikote!!!
    Berriro ere zuen abenturak irakurtzea gozada bat da!!!
    segi hórrela!!
    Muxu handi bat!!!

    ResponderEliminar
  3. Aupa familia, zer moduz doa negua? Elurretaz gozatzen? Ondo segi eta laster arte

    ResponderEliminar