jueves, 31 de marzo de 2016

ARGENTINATIK TXILERA (azken aldiz), BOLIVIARA BEGIRA

Cachi herria atzean utzita Calchaqui bailararen alderik turistikoena ere atzean geratu da. Ibaiaren ondotik gorantz jarraitzen dugu lur idorrean errekak sortzen duen orbain berdeaz txunditurik.


La Poma herrixkara iritsi aurretik estugune bat sortzen da eta ibaia lur azpiko koba batean ezkutatzen da gero berriz ere agerian jartzeko. El Puente Del Diablo.


La Poman humitak dastatzeko aukera izan dugu. Artoa xehatu eta gero tipula, gurina, albahaka, gaztarekin… nahasten da ondoren artoaren hostoan bertan bilduta egosita edo labean prestatzeko. Ze goxoa!!!


Ingurune honetan etxe gehienak adobezkoak dira.


Inguruko lurra urarekin nahastu eta forma emanaz adobezko adreiluak egiten dira eguzkitan lehortzen utziaz. Horretan topatu dugu Arturo La Poman paseatzen gabiltzala.



Goiz polita herria atzean utzi eta Abra Acay mendatearen lehenengo maldei aurre egiteko. Bailara estutu eta maldak gogortu.



Goialdean oraindik familiak bizi dira. 3.500 metroan La Quesera etxean bi ama gazte topatu ditugu beren seme-alabekin.


Eta bailararen azken etxean, 4.000 metroan, Damiana amona, Flavia ama eta Luisa, hiru urteko alaba, topatu ditugu. Llamak eta ahuntzak zaintzen, gazta eta llamaren artilearekin eginiko arropak saltzen… lasai bizi dira.


Beraien etxe ondoan kanpaldia egin eta altuera egokitzeko egun bat beraiekin eman ostean bagoaz maldan gora. Inguruko mendiek burdin asko dute erraietan eta kolorean nabari da.


Goiz hasi dugu egun gogorra eta poliki, oso poliki, bagoaz aurrera bihurguneak behealdean geratzen direlarik.


Geroz eta gorago oxigeno falta nabariagoa da eta arnasa hartzeko geldialdiak ugariagoak. Aldapa gogorrari zangoak zorrotz.


Batzuetan bizikletak bultzatu behar izan baditugu ere, nekatuta baina pozaren pozen, iritsi gara mendatearen gailurrera! Goizeko 8:10ean hasi gara eta 13:20an iritsi. 16 km.


Nola? 4.895 metro! Ba ez gaude ados, guk ditugun datuen arabera 4.960 metro dira…
Paisaia ederra eta jaitsiera luzea dira gure oparia.


Egun luzearen ostean akituta iritsi gara meategien inguruan sorturiko San Antonio de Los Cobres herrira.


Inguruan meategi asko dago eta San Antonio de Los Cobresetik irteten gora eta behera dabiltzan kamioien hautsa dastatu behar izan dugu. Eskerrak ez duen luze jo kontuak.



Kamioiak baino gustukoago ditugu Oscar bezalako llama-zaintzaileak. Inguruko pertsona asko bezala koka hostoak ahoan sartuta kokeatzen topatu dugu.



Mendateak ez dira amaitzen eta maldan gora eta behera darraigu. Halere, oraingo honetan, okerrena mendatea jaitsi ostean etorri da.



Olacapato herrixkara iristeko lautada luzean haizeak gogor jo gaitu aurretik. Hondarra aurpegian, ezin aurrera jo… hilda iritsi gara. Eskerrak Nelsonek bere ostatuko txoko batean tokia egin eta dutxa beroa eskaini digun musu-truk.  Goizean, agurtzerakoan, bizikletarekin argazkia ateratzeko eskatu digu.


Hurrengo eguna lauagoa eta lasaiago izan da, indar-berritzeko primerakoa.


Ingurune paregabe hauetako gauzarik itsusiena batzuetan ondoan izan ditugun burdinazko  erraldoi zatar hauek izan dira. Euskal Herrian ere jarri nahi dizkigute batzuk!


Argentina eta Txile arteko aduanan gaua pasata iritsi gara Paso Sicora.



Bidaia honetan bi herrialde hauen arteko muga zeharkatzen dugun azken aldia da. Azken hau zortzigarrena izan da!

Muga pasa eta han urrunean zain ditugu mendiak. Haien artetik pasa behar gara.


Urrun zeudenak pixkanaka gerturatzen doaz  inguruan ditugun arte.



4.458 metroko Sico mendatea eta 4.578 metroko Laco mendateak igarota iritsi gara Campamento Laco meategiko kanpalekura. Orain ez dabiltza lanean burdina-meategi honetan eta bi zaintzaile topatu ditugu bertan: Alex eta Mijail. Tokia egin digute kanpalekuan eta zinez eskertu dugu.


Kanpamenduko lagunak agurtu eta ingurua are eta txundigarriago bilakatu da. Mineralek eder baino ederrago janzten dituzte mendian hemen.


Tuiajto lakua


Aguas Calientes gatzaga


Argazkietan ezin duguna erakutsi haize madarikatua da. Ingurune zoragarri honetan gabiltzan bitartean haizeak gogor astintzen gaitu, gogor kolpatzen gaitu, beste egun gogor bat.


3.840 metroan kanpaldia prestatu dugu eta goizean, esnatzerakoan, botiletako ura izozten hasia da. Eskerrak lo-zaku potoloak ditugun!


Goiza goxatzen doa pixkanaka zentzu guztietan. Sekulako oparia dugu aurrean. Hondarrezko eta harrizko bidea asfalto leunezko errepide goxoan bilakatu da eta 3.900 metrotik 2.300 metrorainoko jaitsiera luzea dugu. A ze gozatua hartu dugun! Urrunean Atacamako gatzaga ikus dezakegu.


Maldaren bukaeran Atacamako desertuan gaude. Ingurune lehorrean bizi gutxi egon arren, batzuetan kontuz ibili behar gara inguruko xomorroekin.



San Pedro de Atacama herrirako bidean gurutzatu dugu hegoaldeko tropikoa.


Iritsi gara San Pedro de Atacama herri megaturistikora eta ospatzera goaz lau eguneko atsedenaz: lo egin, ondo jan eta edan, jendearekin solasean aritu… Nahi duenak badu aukerarik hemen. Tourrak nonahi daude: sumendietara igo, bailaretara joan, gatzagak eta lakuak ikusi... guk bidean ikusi ditugu batzuk eta aurretik baditugu beste batzuk.


Zazpi hilabetez Argentina eta Txile artean ibili ondoren iritsi zaigu herrialdez aldatzeko ordua. Boliviara goaz orain, Uyuniko gatzagarantz, hori bai, hara iristeko ibilbide zaila dugu aurretik. Bagoaz!

IBILBIDEA (Klikatu izenean)

9 comentarios:

  1. Me gusta seguiros,así os veo lo bien que estais y que fotos, son impresionantes ¡¡¡¡¡Muchos besos. Soy la pichu

    ResponderEliminar
  2. Aupa bikote!!!!!!!!!!!!!!!
    Ederki jarraitzen dezute, inbidi piskat emanez gu hemen betiko martxan lan da lan eta baskonia play offetan ikusteko sarrerak hartzen.

    Ondo jarraitu
    Iñigo

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Aupa Inigo! Earki gabiltza. Muxu handi bat familia guztiarentzat eta gure partez ere animo asko Baskoniarentzat, egura!

      Eliminar
  3. Kaixo Bikote!!!
    Imaginamos que andarán inmersos en el altiplano boliviano. Sufriendo sus duras pistas, pero disfrutando a su vez de sus espléndidos paisajes. Esperamos que la ruta cuesta arriba (al menos sobre el mapa) sea tan extraordinaria y llena de experiencias, como el camino la del sur del continente.
    Además, seguramente en el siguiente país se junten con un par de ciclistas conocidos con los que intercambiar consejos, aunque imaginamos no serán los únicos locos que recorren América en bicicleta.
    Un fuerte abrazo desde Gasteiz.

    ResponderEliminar
  4. Aupa lagunak! Que ilusión vuestro mensaje! Como bien sabéis Bolivia es dura pero muy autentica y bella. Disfrutando a tope de Bolivia pero al ritmo que va cyclotherapy no se si nos va ha dar tiempo de cruzar a Perú para encontrarnos con ellos. Ya nos contareis que viaje andáis tramando. Besarkada handi bat!

    ResponderEliminar
  5. Zoragarria bikote!!! Animo eta jarrai!!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Mireya eta Izaro, a ze sorpresa!!! Mila mila esker jarraitzeagatik, asko pozten gara. Muxu erraldoi bat!!!!

      Eliminar
  6. Aupa ainou eta koldo!!!! Laster arte txapeldunak!!!

    ResponderEliminar
  7. Aupa ainou eta koldo!!!! Laster arte txapeldunak!!!

    ResponderEliminar