martes, 26 de abril de 2016

BOLIVIAN

San Pedro de Atacamatik Boliviarako mugara iristeko igoera latza daukagu. San Pedro 2.440 metroan dago eta 45 kilometroan 4.665 metrora igo gara. Duela zazpi urte Koldok ibilbide bera egin zuen Ramon eta Haitzol lagunekin. Ze oroitzapenak. Orduan bezala oraingoan ere lasai hartu eta bi egunetan zatitu dugu igoera. Eskerrak asfalto oneko igoera den!


Igoera osoan zehar eta Boliviarako sarreran zaindari Licankabur sumendia (5.920m) dugu. Ezkerrean ikus daiteke kono forma dotorearekin eta tontorrean elur printzekin.


Txile eta Bolivia arteko mugan gaude eta ingurua uste baino arriskutsuagoa da. Oraindik lehergailu hiltzaileak daude ezkutatuta lurrean.


Licankabur sumendiaren begiradapean iritsi gara Hito Cajon Boliviako mugara. Etxetxo txiki bat eta zaindari bakarra. Pasaportean zigilua jarri eta ekipajea begiratu gabe Bolivian gara!


Mugatik oso gertu dago Eduardo Avaroa Natur Parkeko sarrera. Natur parke hau oso ezaguna da bereziki bertan dauden aintzirengatik. Sarrera ordaindu eta ondoan dagoen aterpean utzi ditugu alforjak. Fermina andereak, aterpeko arduradunak, txoko bat egin digu gure esterilak lurrean jarri eta gaua pasatzeko. Pisurik gabe bizikletak hartu eta bagoaz ondoan dauden Laguna Blanca eta Laguna Verde ikustera.


Bikuina lakuetan. Bikuina gamelidoen artean txikiena da eta llamak eta alpakak ez bezala, hauek basatiak dira. Oso preziatua da beraien artilea eta gaur egun babestutako espeziea da.



Laguna Blanca eta Laguna Verde utzi eta hurrengo egunean Polqueseko termetarantz abiatu gara.


Ingurunea zoragarria da baina badu bere alde itsusia, guretzat nahiko desatsegina gutxienez. Azken urteotan izugarri handitu da Eduardo Avaroa Natur Parkearen sona eta 4X4 ibilgailu pila dabil inguruan gora eta behera hautsak arrotzen. Ez da batere atsegina ondotik pasatzen direnean hauts hori arnastea.


Duela zazpi urte baino hamar aldiz auto gehiago topatu dugu.


Salar de Chaviri gatzagaren ondoan dauden Polqueseko terrmetara iristerakoan ezusteko polita, lau txirrindulari! Bi ingeles eta Logroñoko Olga eta Pablo. Azken hauek duela hiru urte eta erdi atera ziren etxetik bizikletaz eta hementxe topatu ditugu. Turista taldeek alde egin eta sei txirrindulariak lasai gozatu dugu termen goxotasunaz. Bide gogorraren ostean opari ederra benetan.


Gauean elkarrekin kanpatu, afaldu eta gustura ibili gara kontu kontari.


Eguna argitzera doa eta 4.000 metrotik gorako gaueko hotzak termetako berotasunarekin talka egiten du.


Gosari oparo batekin agurtu ditugu lagunak. 4x4etan datozen turistek termen ondoan dagoen aterpean lo egin dute. Gosaritarako zeukaten janari pila soberan geratu da eta otorduak prestatu dizkien aterpeko etxekoandreak, Fructuaosa andereak, geratu den pankeke andana jatera gonbidatu gaitu. Hori tripa-festa! Eskerrik asko Fructuosa.


Oso ongi etorri zaigu gosari oparoa aurretik ibilbide honetako mendaterik garaiena baitaukagu: Paso Sol de Mañana (4.994m). Mendatearen gainetik oso gertu dauden Sol de Mañana geyserrak ikustera hurbildu gara. Lurrari kea dario eta kolorez margotzen ditu inguruak.



Mendatetik Laguna Colorada aintzirara doan bidea txarra baino txarragoa da. Harriz eta hondarrez josia oso nekatuak iritsi gara aintziratik gertu dagoen Huayllajara herrixkara. Hurrengo egunean, herrixkako aterpe batean pisua utzi eta bizikleta arinekin Laguna Colorada gertutik ezagutzera hurbildu gara.


Guretzat bidaia osoko tokirik ederrenetariko bat da. Uraren kolore gorrixka aldatzen doa egunean zehar eta aintzirako zati zuriekin nahasten da. Hori guztia ehunka flamenkoz apaindua. Gezurra dirudi hain toki hotzean, 4.000 metroan, nola bizi daitezken hegazti berezi hauek. Beren kolore arrosarekin koadro paregabea osotzen dute. Ordu batzuk eman ditugu tokiaz gozatzen.

                         

Huayllajarara bueltan Albertak bigarren aldiz gonbidatu gaitu afaltzera. Aterpe hauetako andere guztiak bezala izugarrizko lana egiten du Albertak 4x4etan etortzen diren turista guztientzat afaria eta gosaria prestatzen. Afariaren ordainean harrikoa gure esku geratu da gaur.


Laguna Colorada atzean utzi eta llama eta alpaka artean lehenengo, eta hondarrezko bidetatik geroagoa, Salar de Capina gatzagarako bidea hartu dugu.



Gatzaga honetan meategia bat dago, Capina. Meategi honek Capina gatzagatik Ulexita minerala ateratzen du eta gero mineral hau prozesatuz azido borikoa lortzen da.

       

Meategiko kanpamenduan tokia egin digute eta meatzariekin arratsaldea eta afaria gozatzeko aukera izan dugu.

Salar de Capina gatzagan irten gara natur parketik eta bailara eder batetik behera Mallku-Villamar herrixkara iritsi gara.


Han ezagutu dugu Jimena. Hiru seme-alabekin, bakarrik, denda, jatetxetxoa, hori indarra neska honek duena.


Gure hasierako asmoa Uyuni herritik pasa gabe Salar de Uyuni gatzaga gurutzatuz iparralderantz jotzea zen baina ideiaz aldatu dugu. Potosi hiri ezagunetik hain gertu egonda hura ezagutzeko aukera ez dugu galdu nahi. Hortaz, gatzagara sartu gabe herriz herri Uyuni herrirantz jo dugu. 

Alota herrixkan Natalio kaleko saltzaile jatorra ezagutu dugu. Herriz herri dabil salmentan eta berari esker tuna fruta goxoa dastatu dugu.



Ramaditas herrixkan, Alotan bezala, eskolan lotarako tokia egin digute.


Ordainean, oso nekatuak egon arren, futbol partida gogorra jokatu behar izan dugu eguna bukatzeko. Hau bai ekipo itzela!



Larunbat gaua da eta Ramaditaseko emakumeak beraien dantza tradizionalak dantzatzen topatu ditugu.


Eta Uyunirako bidean topatu dugun beste gauza berezia Bolivian hain ezaguna den kinoa landarea izan da. Kinoa zereal bezala jan daitekeen hazia da eta horrexegatik deitzen zaio sasi-zereala. Gorria, horia edo beltza, uzta jasotzeko garaia da eta horretan topatu ditugu inguruko herrietako biztanle asko eta asko.



Uyunira iristen gaudela Uyuniko gatzagaren gertutasuna inguruko lurraren kolorean suma dezakegu.

                           

Uyuni herrira iritsi, bizikletak eta traste gehienak bertan utzi, eta autobusez bagoaz Potosi hirira.


Potosi. Garai batean munduko hiririk garrantzizkoena eta aberatsena izandakoa Cerro Rico mendiaren magaletan zabaltzen da. XVI. mendetik XVII. mendera arte mendi honetan zegoen munduko zilarrezko meategirik handiena.


Potositik ateratako zilarrarekin aberastu zen hainbat eta hainbat espainiar. Bitartean, milaka eta milaka indigena meategian lan egitera eta bertan hiltzera kondenatu zituzten. 1757. eta 1773. urteen artean eraikitako “Casa de la Moneda” bisitatu dugu. Meategietatik ateratako zilarrarekin egiten zituzten txanponak hemen.


Nahiz eta gaur egun aberastasun hori desagertua den hirian, garai bateko oparotasuna eta handitasuna oraindik nabari daitezke kaleetan zehar paseatuz nonahi agertzen diren kolonia garaiko eliza, etxe eta eraikinetan.


Izugarri gustatu zaigu hiri honetako kaleetatik galdu eta bizi-bizirik dagoela ikustea. Garai bateko aberastasuna beste mota batetako aberastasunean bilakatu da gaur egun. Jendea da gaur egungo altxorra.



Bagoaz Potositik Uyunira, berriz ere autobusez, han dauzkagu bizikletak zain eta irrikatan gauden Uyuniko gatzaga erraldoian barna abiatzeko.

2 comentarios:

  1. Ay eneee ze oroitzapenak!
    Inguru hori izugarria da, eta zuek berriz han...ze inbidia malapartatuak!
    Han egongo banintz bezela ikusi ditut argazkiak eta irakurri kontakizuna.
    Eskerrikasko zuen bidaia gurekin konpartitzeagatik.
    Aizu, portzierto, Julacatik pasa al zineten?

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Aupa Tost!!! Zenbat gogoratu naizen zurekin eta Haitzolekin ibilbidean zehar, elkarrekin egondako txoko eta momentu guztiak gogoan... Julacatik ez gara pasatu! Alotara arte bide bera egin dugu baina hortik gatzagara sartu beharrean lehenengo Uyuni herrira gerturatu gara Potosira joateko. Julacako haize madarikatuarekin ez gara ausartu! Ondo segi.

      Eliminar