jueves, 14 de julio de 2016

IGOERA AMAITEZINETATIK PERU AMAITZERA

Cordillera Blancako Yungay herrian lagun argentinarrei agur esan bezain pronto Ainhoa gaixotu egin da. Sukarra igo eta bi egun eman ditugu hobetu arte. Gorputzak bere moduak topatzen ditu atsedena eskatzeko… eskerrak Yungayko San Viator eskolan tokia egin eta primeran zaindu gaituzten Beñat eta Raquelek. Mila esker.


Cordillera Blancari agur esateko Santa errekak irekitako Cañon del Pato arroila ezaguna hartu dugu. Batzuetan estuago besteetan zabalago, ikusgarria da zintzur natural hau. Bertatik doan errepidea irekitzeko 50 tuneletik gora zulatu zituzten eta guztiak zeharkatu ditugu bata bestearen atzetik.



Chuquicara herrixkara iritsi gara Santa errekaren ondotik eta bertan, norabidez aldatu eta Tablachaca errekan gora jo dugu. Arroila hauek batzuetan asko estutzen dira autoentzat arriskutsu xamar bihurtuz.



Tablachaca erreka utzi eta mendian gora Pallasca herrira doan igoera ikusgarria bezain gogorra da. Bailaratik irteten goaz pixkanaka eta erreka behean geratzen da.


Kontua hauxe da: Egun batean erreka behealdean utzi dugula Pallascara igotzeko eta hurrengo egunean berriz ere erreka ondora jaitsi behar garela berriz ere infernuko igoera bati aurre egiteko! Argazkian ederki suma daiteke Peruko kontraste bortitzak nolakoak diren. Eskuinaldean dagoen bidetik behera jaitsi behar gara izugarri gozatuz eta, behealdean, berriz ere Tablachaca errekaren ondoan, igoera gogorra hasiko zaigu. Jaisten zabiltzala, aurrez aurre, mehatxari,  datorkizuna argi eta garbi agertzen delarik.


Inguru honetako herrixkak oso politak eta atseginak dira. Mollepata behealdean geratzen doa.


Mollebambako plazan agurea lo kuluxkan.


Erreken ondoko idortasunetik irten eta mendialdeko paisaia perutar tipikoa agertzen da.


Huamachuco herri handira iristear gaudela kontu ilunagoekin topo egin dugu. Mendietako nekazarien inguruan meategi erraldoi pozoitsuen itzala geroz eta zabalagoa da. Baserritarra lurra goldatzen dabilen bitartean atzeko mendietan meategi erraldoia mendia txikituz doa.



Huamachuco meategiz inguraturik dago eta herritik oso gertu dagoen Cerro el Toroko meategiak herria bera kutsatzen du. Herriko biztanle asko pozik bizi dira lana lortzen baitute, beste batzuk, ordea, etorkizunera sortuko diren kalte konponezinez ohartuta ez daude batere kontent.


Aspaldiko partez, zonalde honetan garraiorako zaldiaren eta astoaren erabilera oso zabaldua dago.


Cajamarca hirira gerturatzen garen heinean Cajamarcako kapela erraldoiak ikus ditzakegu. Perun toki askotan da ohikoa kapelak ikustea baina Cajamarcakoak, zalantzarik gabe, handienak dira. Sekulako itzala ematen dute.


Bidean topo egiten dugun txirrindulariekin informazioa trukatzea oso ohikoa da, halere, batzuetan, bidezidorrak garesti xamarrak izan daitezke.


Azkenaldian, pasatzen garen herrietan sortzen dugun ikusmina areagotzen doala iruditzen zaigu. Herrietan askoz jende gehiago hurbiltzen zaigu hitz egitera, galdetzera… Cajabamba herriko plazan bazkaltzen  gaude eta konturako orduko jendeak inguratuta gaitu. Jende jatorra, adeitsua, jakin-minez betea… askok oso gustuko dituzte mapak.


Perun, Amerikako beste hainbat herrialdetan bezala, oilar-borrokak oso zabalduak daude. Herrixka txiki baten ondotik gindoazela oilarren entrenamendu bat ikusteko aukera izan dugu, bai bai, entrenamendua. Mokoetan eta hatzaparretan babesak jarri dizkiete minik ez hartzeko eta borrokara!


Cajamarca hirira iristear gaudela paisaian sekulako aldaketa gertatu da. Bat-batean larre berdez inguraturik gaude eta behiak ikus ditzakegu nonahi. Euskal Herria datorkigu burura.


Cajamarca ingurua oso ezaguna da bertako esne eta esnekiengatik. Goizetan baserritarrak errepide ondoan topatu ditugu esne jetzi berria marmitetan sartu eta goizero esnea jasoz pasatzen den autoaren zain. Esne litro bakoitzagatik sol 1 ematen diete (euro 1 = 3,7 sol).


Hiriko erdialdean harrituta geratu gara zenbat esneki denda dagoen ikusita: Gazta, jogurta, gurina… dena izugarri goxoa.


Cajamarca oso hiri lasai eta atsegina izateaz gain historian oso toki garrantzizkoa izan zen. Pizarro espainiar konkistatzaileak eta Atahualpa Inken enperadoreak bertako plazan topo egin zuten lehen aldiz 1.532. urtean. Pizarro hirira iritsi zenean hutsik topatu zuen, Atahualpa eta bere tropak hiri ondoan dauden Baños del Inca izeneko ur termaletan baitzeuden atseden hartzen. Espainiarrak handik zebiltzala jakinda hirira joatea erabaki zuen jende ezezagun hura nor zen jakitera. Herriko plazan elkartu ziren eta Pizarrok, konkistatzaileen estiloari jarraituz,  7.000 indigena asasinatu eta Atahualpa atxilo hartu zuen. Atahualpak, bere askatasuna lortzeko, urrezko gela bat eta zilarrezko bi gela eskaini zien espainiarrei. Urtebete beranduago erreskatea ordaindua zegoen baina Pizarrok, oso estilo espainiarrean berriz ere, Atahualpa sutara kondenatu zuen. Azken orduan, Atahualpak kristautasuna “onartu” zuenez erre beharrean estrangulatu besterik ez zuten egin. Bihotz onekoak benetan espainiar hauek… Gaur egun plaza hura eliza eta bestelako eraikin kolonialez inguratua dago.


Askoz atseginagoa izan da guretzat Cajamarcako plazan izan dugun topaketa. Esti eta Aritz gasteiztar lagun txirrindulariekin (www.bizialhaiz.blogspot.com) elkartu gara eta izugarria izan da emozioa. Hauek ere ia urtebete daramate Hegoamerikan zehar bizikletaz eta elkarren berri bagenuen ere ez ginen orain arte elkartu. Ederra izan da kontu-kontari ibiltzea, elkarrekin gosari eta afari oparoak konpartitzea… alaitasun kutsakorra dute eta pozarren egon gara elkarrekin. Bide beretik goaz iparralderantz, hortaz, gu baino lehenago irten badira ere eta ziur gaude bideak elkartuko gaituela. A lo lokooooooo!!!


Atseden hartuta eta sabela ondo beteta prest gaude bideari berrekiteko. Hiria utzi eta berehala Baños del Inca terma historikoetan egin dugu geldialditxoa. Hantxe zegoen Atahulpa Pizarroren berri izan zuenean.


Mendian gora berriz, emakume jator hau topatu dugu ehuntzen. Dirudiena baina gogorragoa da lana, abila izateaz gain indar handia ere behar baita.


Lainoturik esnatu da eguna eta mendian gora goazela euriak harrapatu gaitu. Eskerrak tontorretik gertuko etxetxo batean hutsik dagoen sukaldea utzi diguten Mikuypampa herrixkan eta lehor eta goxo lo egiteko aukera izan dugun.


Celendin herritik 3.115 metrora igo eta zain daukagu eguneko oparia: 800 metro inguruan, bailararen behealdean, Marañon ibaiaren ondoan dagoen Balsas herrixkarako jaitsiera. 2.315 metroko jaitsiera!


Sekulako irribarrearekin eta sekulako beroarekin iritsi gara ibaiaren ertzera. Peruko kontraste bortitzak. Atzo euripean hotzez bukatu genuen eguna eta gaur beroak akabatzen gaitu. Marañon ibaiak banatzen ditu Cajamarca eta Amazonas departamentuak.


Goizean goiz hasi dugu eguna bero sargoritsua ekiditeko asmoz. 800 metroan gaude eta 3.600 metrora arte igo behar gara 61 kilometroan.


Egun eta erdian egin beharreko igoera. Balsas herrixkatik gora alforjekin bidaiatzen inoiz egin dugun igoera metatu handiena egin dugu: 46 kilometroan 2.205 metro igo. Bailaran gorantz goaz, pixkanaka.


Egun gogorra bukatzeko modurik onena jende jatorra topatzea da eta halaxe gertatu zaigu Achupas herrixkan. Salon Comunala uzteaz gain familia zoragarri batekin momentu ederrak izan ditugu. Darlin.


Amona, Miguel eta Sara.


Goizean esnatu eta egunak ez du itsura onik. Behealdean lainozko itsasoa badugu, goialdean lainozko teilatua.


Euritan agurtu ditugu lagunak eta sekulako zaparradarekin iritsi gara Calla Calla (3.600m) mendatearen gailurrera. Okerrena, halere, etortzear dago. Euritan eta lainopean egin dugu Leymabamba herrirako jaitsiera arriskutsua. Horrelako momentuetan zaila da argazkiak ateratzea. Berehala bustitzen da argazki-kamera eta tantak ezin ditugu ekidin.


Izoztuta iritsi gara Leymabambara eta ordubetetik gora behar izan dugu gorputzari buelta emateko. Utcubamba errekaren ondotik, euritan, bidean aurrera jarraitzea erabaki dugu eta errekan behera altuera galtzen goazen heinean berotzen doa giroa.


Amazonas departamentuan gaude eta klima berotzen doala suma daiteke. Chachapoyas da departamentuko hiriburua eta harantz gerturatzen goaz. Izen xelebre horren esanahia Lainoetako Jendea omen da eta garai batean inguru honetan bizi zen kultura baten izena da. Inken aurreko zibilizazio honen aztarna asko dago inguruan baina garrantzizkoenak Kuelap hiribilduko aztarnak dira. Kristo ondorengo 900 eta 1.100. urteen artean eraikia Chachapoyas herriaren hiriburua izan zen. Harresi erraldoiz babestuta 420 etxe zeuden bertan eta 3.500 pertsona bizi zen gutxi gora behera. 3.100 metroan eraikia bailara zabala ikus daiteke bertatik.



Cachapoyas inguruan ur-jauzi asko badago ere Gocta ur-jauzia da ikusgarriena. 771 metroko erorketa dauka eta munduko bosgarren luzeena da (hirugarrena bezala saltzen badute ere). Ikusgarria.



Klima eta paisaia orain artekoarekin alderatuz oso desberdina da Utcubama errekaren bailaran. Beroa, hezetasuna, landaretza… eta hori inguruko dendetako fruta eskaintza zabalean nabaritzen da, guretzat batzuk ezezagunak.


Orain arte topatu ez dugun kafea ere ez da falta. Kafe aleak jaso ostean etxe ondoan jartzen dituzte eguzkitan ondo lehortzeko.



Bagoaz bailaran behera  Jaen hirirantz Chachapoyas atzean utziz. Bailara irekiz doa eta beste ezusteko eman digu Peruk. Bat-batean kontinentez aldatu garela diruri eta Asiara salto egin dugula. Arroz soro zabalez inguraturik gaude zur eta lur.


Horrelaxe, arroz artean, guztiz harrituta, iritsi gara Jaenera.


HUSTU ETA BETE. AGUR PERU
Bi hilabete eta erdi pasa dira Boliviatik Perurako muga zeharkatu genuenetik eta orain Ekuadorreko mugatik oso gertu gaude. Perun sartu aurretik ez genuen oso argi zer aurkituko genuen. Batzuek, askok, perutarrei buruz ez ziguten oso ongi hitz egin. Ez zirela oso adeitsuak, Peru arriskutsua zela…  Orain, bertan egon osten, gure iritzia guztiz kontrakoa dela esan dezakegu. Izugarriak iruditu zaizkigu perutarrak. Behar izan dugun guztietan laguntzeko prest agertu zaizkigu eta behar ez genuen askotan baita ere. Baina gogorra da Peru. Akaso, guretzat, sekulan zeharkatu dugun herrialderik gogorrena. Fisikoki gure onena eman behar izan dugu aurrean geneuzkan desnibel eroei aurre egiteko. Gure gorputzen eta buruen onena. Pazientzia handia eta burua hotz. Indarrez askotan hustu gara baina, zorionez, hustu garen heinean inguruak bete gaitu. Bagoaz Perutik eta Ekuadorrera sartzeko gogoak baldin baditugu ere ondo sentitzen gara, pozik eta indartsu.

Eta Peruk Aitor eta Eve, Aritz eta Esti, Ana eta Pablo, Beñat eta Raquel, Miren eta Jon, Julia eta Diego… eta beste asko eman dizkigu. Azken honen argazki batekin agurtuko dugu Peru. Diego Gavilan argazkilari perutarrak mendialdeko familia bati eginiko argazkiarekin. Agur Peru.


 IBILBIDEA-RUTA

3 comentarios:

  1. Kontu earrak lagunak! Kriston enbidixe emoteztazue...Animo! emoiozue egurre Ekuador ta datorrenari,EH tik ez jatzue gure bultzadie faltako!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Eskerrik asko bultzadengatik Eneko, horrelako maldetan beharko ditugu! Azken txanpan gaude eta laster elkarrekin kontu kontari. Besarkada.

      Eliminar
  2. Olá como estão o casal mais lindos do país Basco. Espero que bem...
    Koldo você tem a rota de Santiago a Lima no Peru para me passar... se tiver fico muito grato. Um beijo para meus queridos.

    ResponderEliminar