jueves, 28 de julio de 2016

EKUADOR, AZKEN GELTOKIA (ORAINGOZ)

Peruko azken egunak atseginak izan dira. Jaen hirian, oso hiri polita ez den arren, badago txirrindulariontzat berezia den tokia: El Ciclista bizikleta denda. Bertako arduraduna, Miguel, tipo oso jatorra da eta bidaiatzen gabiltzan txirrindulariak primeran zaintzeaz gain mekanika arazoak izanez gero ere paregabeko laguntza eskaintzen du. Oasi bat herrialde honetan.



Jaendik sartu bezala irten gara arroz soroen artean. Ziztu bizian eraiten dituzte arroz sortak.



Perun askotan ikusi ditugu errekak gurutzatzeko erabiltzen dituzten oroya izeneko sistemak,  kable batetik zintzilik doan plataforma. Orain arte ikusi gabe geneukana oroya kolektiboa zen.


Perun gure azken gaua Tomaque herrixkan eman dugu Victoria eta Juanen etxean. Beroak gogor jo du eta oso nekatuta iritsi gara. Segituan ireki dizkigute ateak, dutxa eskaini, limoi-ura, afaria… kafea landatzen dute eta beraiekin batera ale berdeak banatzen ibili gara.


Modu bikaina izan da Peru agurtzeko. Hori bai, bada Perun egitera ausartu ez garen gauza bat. Oso ohikoa da perutar etxeetako sukaldeetan cuy animaliatxoak alde batetik bestera topatzea. Bertan hazten dituzte gero sutan prestatu eta jateko. Duela 7.000 urte jada hazi eta jaten zituzten inguru hauetan. Hain jaki zaharra izanagatik, guri, animaliatxo hauek, pena dezente ematen digute eta ez dugu jateko adorerik izan.


Peru eta Ekuadorren arteko muga La Balsa herrixkan zeharkatu dugu eta Ekuadorren sartzearekin batera, penaz, agur esan diogu asfalto leunari.


Sarrera benetan bortitza da Ekuadorrekoa: asfaltoa bukatzearekin batera infernuko desnibela duten maldak hasi eta bizikletak bultzatu beharrean gaude, ingurunea berde distiratsuz margoturiko oihanez janzten da eta laino itxiak guztia estaltzen du. Ez dago zalantzarik, herrialdez aldatu dugu.


Horrelako bideetan ezin da autobusik ibili bertako biztanleak alde batetik bestera eramateko, hortaz, kamioiak eraldatu eta kamioi-autobus bihurtzen dituzte. Hauek bai edozein tokitatik ibil daitezke.


Ohian itxia inguruan


eta laino artean galtzen dira jarraitu beharreko bide zein erreka.


Horrelako paisaia berdeak, noski,  ur asko behar du eta egun euritsurik ez zaigu falta. Valladolid herrira mela-mela eginda iritsi gara eta eskolan eman dugu gaua. Goizean, berriz ere euritan, martxan jartzera goazela ezusteko zulatua agertu da Ainhoaren gurpilean.


Honek irteera atzeratu du baina baita opari ederra ekarri ere. Bat-batean, bidean, lau txirrindulari: Aritz eta Esti gasteiztarrak eta Sonia eta Fernado argentinarrak! Pelotoira gehitu eta seikote bihurtu gara. Euritan jo dugu seiak eguneko mendaterantz. Euria goitik behera egun osoan zehar, busti bustiak, lagunen konpainian askoz errazagoak dira horrelako egun gogorrak.



Aritzek azkar asko eskuratu du aterki inprobisatua.


Eta eguna bukatzeko, Yangana herriko eskolan, Fernandok sukaldeko gidaritza hartu du oilaskoa saltsan prestatzeko. Jatetxerik onenean ez dute horrelako gutiziarik prestatzen.


Hurrengo goizean, ateri, askoz alaiago hasi du eguna pelotoiak.


Vilcabamba herri berezian egin dugu hamaiketakoa. Diotenez, herri honetan, ohikoa baino gehiago bizi da jendea eta ospe horrek erakarrita USAko zahar asko bertaratu da bizitzera. Tontakeria horren harira gurrutxurtu eta hippy-berri koadrila zabala ere bildu da.


Ekuadorreko herrietako elizak Perukoak baino berriagoak eta koloretsuagoak dira.


Loja hirira elkarrekin iritsi da taldea. Hiriaren sarreran gaua pasa eta bakoitzak bere bidea hartu du: argentinarrak hirira doaz atseden hartzera,  Estik eta Aritzek, abentura egarri, Zamora hirira doan bidea hartu dute oihaneko bidetik sartzeko eta gu biok, maldaz malda, Cuenca hirirako bideari ekin diogu.

Loja behealdean geratzen doa lainoz estalia eta behiak larre berdeak apaintzen dituzte.


Behia baino, Ekuadorren, txerria dute gustukoago. Emakume hau bezala, sopletea eskuan, txerria oso osorik xigortzen topatu dugu bat baino gehiago.



Lojatik Cuenca hirira Panamericana errepide nagusitik goaz. Errepide ona da, hori bai, maldan gora eta behera gure hankan geroz eta gogorrago daude. Okerrena, halere, ekuadortar gidariak dira, gure gusturako azkarregi gidatzen dute.



Hirira sartu aurretik Cuencatik oso gertu dagoen Tarqui herrian gaua ematea pentsatu dugu. Ezusteko galanta hartu dugu herria jaietan jendez gainezka topatu dugunean. Plazan dantza tradizionalak


eta inguruan cuyak jateko erretzen. Perun atzean utzi genituela uste bagenuen ere Ekuadorreko inguru honetan ere oso janari ezaguna da.


Euskal Herriko jaietan bezala hemen ere ez da dantzaldirik falta. Mezarako ardo botilatik tragoxka batzuk edan, bestelako pattarrak dastatu eta ondo berotuta bagoaz dantzara!


Dantzan ibili ostean, herriko apaiz jatorrak, Angel Morochok, apaiz-etxean utzitako gelara goaz atseden hartzera.

Hurrengo egunean bazkaltzeko gonbitea luzatu digu apezak, hori bai, lehenago elizak duen lursailera joan behar izan dugu patatak jasotzera. Andeetako mendietan etengabea izan da patatarekin izandako harremana. Askotan ikusi dugu patata ereiten, jasotzen, saltzen, jaten… eta polita izan da harekin zuzenean aritzea. Hori bai, goiz batez jolasa izan daiteke, baina eguneroko lana denean… Traktoreak lurra altxatzen duen bitartean gu, atzetik, agerian geratzen doazen patatak jasotzen goaz.


Jasotakoa saskira doa,


saskitik zakura eta zakua autora.


Polita izan da gure eskuekin jasotako patatak sukaldetik pasa ostean zuzenean platerean ikustea.


Antonio ere, Ekuadorreko kapela zuri tipikoarekin, gurekin ibili da patatak jasotzen eta eskuinaldean dagoena Angel apaiza da. Bazkari oparoa eskaini digute: patata eta arto egosia, barazki zopa eta arkume saiheski erreak. Eskerrik asko.


Bazkalostean, tripa ondo beteta, gertu daukagun Cuencarako bidea egin dugu. Harrituta utzi gaitu Cuenca inguruko baserritarren bizi-mailak. Etxeak sekulakoak dira. Kontatu digutenez, atzerrian lan egiten duen milaka ekuadortarrek bidalitako diruarekin eraiki edo berritu dira etxe gehienak.  


Peruko azken hiria Jaen izan zen eta Ekuadorreko lehenengoa Cuenca. Batzuetan etxetik uste baino gertuago gaudela dirudi… Cuencan Jose Rosalesek bere etxean gela bat utzi digu eta primeran datorkigu atseden hartzeko. Atseden egunak, beti bezala, azken egunetako arropa garbitzeko egunak dira.


Hiriaren erdialdean dugunez gure logela aukera ederra dugu zonalde historikoa ezagutzeko. Hiri txukuna eta ederra da, hori bai, erlijioarekin oso lotua. Kolonia garaiko eraikinekin batera katedral eta elizak ez dira falta.


Merkatuan zur eta lur geratu gara emakume hauek, eserita dituzten bezeroak belar, ukendu, isurkin eta bestelakoez baliatuz, nola sendatzen dituzten eta izpiritu eta arima gaiztoak nola uxatzen dizkieten ikusita. Sinesgaitza.


Katedral berri erraldoia.


Loreen Plazan loreak salgai nahi duzun santu, santa, amabirjina, beato, aitasantu edo dena delakoari  eskaintzeko.



Cuencatik Chimborazo sumendirako norabidea hartuko dugu. Ea eguraldia lagun dugun.

IBILBIDEA - RUTA

No hay comentarios:

Publicar un comentario