PERUKO GAILUR
TXURIETAN. CORDILLERA BLANCA
Warmshowers
plataformaren bitartez ezagututako Abel
jatorraren etxean egun bat lasai eman ondoren Huancayotik
Huanuco hirirako
bideari ekin diogu, seguruenik, Perun
egin dugun ibilbideko zatirik itsusiena. Huancayorako
bidean bezala, Huancayotik
irtetean ere Mantaro
ibaiaren ondotik jarraitu dugu. Meategiak geroz eta ugariagoak dira
eta paisaia zeharo narrasten dute ibaia bera ere kutsatuz.
Herri
zatarrak bata bestearen atzetik eta, agian Peruko
herririk itsusiena izan daitekeena, mineralak prozesatzeko
lantegiarekin, La Oroya.
Ibilbide
honetako zatirik onena Junin
herritik aurrera izan dugu, bide nagusia utzi eta Junin
lakua inguratuz doan pista hartu dugunean. Junin
lakua, Titicaca
ostean, Perun
dagoen lakurik handiena da eta mota askotako hegaztiz beteta dago.
Lakuaren
ertzean, Sasicucho
herrixkan, Alfonsok
gaua pasatzeko txokoa egin digu bere etxean eta arratsaldean antxume
txikiei biberoia ematen ibili gara.
Huanuco
hiri atseginean Midori
eta bere familiarekin eman ditugu bi egun, hauek ere, Warmshowersen
bitartez ezagututa. Bertan jakin dugu PKK
izan dela Peruko hauteskundeak irabazi dituena eta, hortaz, Alberto
Fujimori diktadorearen alaba,
Keiko Fujimori, ez da Peruko
presidentea izango. Eta gu, Midori
eta bere familia bezala, asko poztu gara. Beraiekin batera
Fujimorismoa zer
den ulertzen lagundu digun dokumentala ikusteko aukera izan dugu.
Tarterik baldin baduzue hona hemen lotura. Merezi du:
SU NOMBRE ES FUJIMORI
SU NOMBRE ES FUJIMORI
Gustura
goaz Huanucotik,
hori bai, handiuste pittin bat badute bertan, ezta?
Huanuco
hiritik Cordillera Blancarako
bidea hasi dugu eta egun gogorrak ditugu aurretik, mendatez mendate…
Hiritik irten eta berehala lehenengoa.
Corona
del Inca (4.000m) mendatean gora Isidora
eta Willy
bikoteak beren etxe aurrean kanpatzeko baimena emateaz gain
familiarekin afaltzeko eta gosaltzeko gonbitea luzatu digu.
Gurasoak bezala, seme-alaba jatorrak.
Bide
gogor hauetan gabiltzala Ainhoaren
aulkia eusten duen pieza apurtu egin da. Eskerrak Chavinillo
herrian bizikleta tailer txiki bat topatu eta mekanikari prestuak
konponketa on bat asmatu duen.
Inguruko
herrietan ez da kolore guztietako artorik falta.
Huallanca
herrira iritsi eta ibilbide honetako mendate garaienerako bidea hasi
dugu. Lehenengo bi egunetan asfalto bikainak lagundurik iritsi gara
Abra Yanashalla
(4.700m) mendatera.
Hor, bide
nagusia jarraitu beharrean eskuinerantz agertzen zaigun pista hartu
eta gorantz jarraitu dugu 4.880 metrotaraino, Abra
Huallapasca mendateraino. Eta hortxe,
puntaren puntan gaduela, Cordillera Blanca
mendilerroaren ikuspegi zoragarria agertu zaigu.
Mendateko
punturik garaienean egon arren kilometro gogor batzuk ditugu
aurretik, altueran gora eta behera.
Hori bai,
zoragarria da tokia. Glaziarretarantz hurbilduz, pixkanaka, muturren
aurrean ditugun arte.
Azkenean
iritsi gara azken lepora eta bertan ezin dugu sinetsi zeinen gertu
ditugun izotz puska erraldoiak.
Aurpegian
irribarre zabala marrazturik bagoaz bailaran behera jaitsiera luze
bezain gogor batean. Harriz eta hondarrez beteriko bideetan igoerak
gogorrak baldin badira, jaitsierak ere ez dira makalak.
Beheranzko
bidean Puya Raimundii
landare bitxiarekin topo egin dugu. Andeetako landare hauek hiru
metroko altuera har dezakete eta 150 behar dituzte loratzeko, hortaz,
munduan hazteko denbora gehien behar duen landarea da.
Bailara
eder hau agurtu eta Pachacoto herrixkan bat egin dugu asfaltozko bide
nagusiarekin. Oso nekatuak eta oso pozik bertan emango dugu gaua.
Cordillera
Blancaren ondotik bi bailara doaz
hegoaldetik iparraldera. Mendebaldean Callejon
Huaylas bailara nagusia dago eta bertan
Huaraz hiria.
Ekialdean Callejon Conchucos
bailara bigarren mailako bideekin eta herri txikiagoekin. Azken
honetatik joatea erabaki eta ezusteko galanta jaso dugu. Callejon
Conchucosera pasatzeko Kahuish
tunela pasa behar da eta gure maparen arabera 4.172 metroan dago.
Lasai hasi dugu eguna, asfalto leuna, maldan gora poliki, eguraldi
bikaina… baina azkar hasi zaigu okertzen kontua. Goiza aurrera doan
heinean haizea esnatzen doa eta geroz eta gogorrago datorkigu
aurretik. Eta gorantz goazela jakinarazi digute ezetz, ez direla
4.172 metro, mapa erratuta dagoela eta gorago igo behar garela. Zer?
Kaka zaharra! Gure egun lasaia ez da uste bezain lasaia izan. Hortzak
estuturik eta ukabilak gora iritsi gara ditxosozko tunelera.
Tunela
pasa eta maldan behera sartu gara Conchucos
bailara ederrera.
Herri
lasai eta politak aurkitu ditugu bailara honetan, jende oso
jatorrarekin beti. Horietako bat da Huari. Espainiar kolonizatzaileek
sarraski fisikoaz gain sarraski kulturala ere eragin zuten inguru
hauetan. Penagarria.
Huari
herri politeko plazan bazkaltzen gaudela herriko telebistako bi
kazetari hurbildu eta elkarrizketa bat grabatu digute. Gauza bitxiak
ez dira falta!
Huaritik
gora alfaltoari agur esan eta beste mendate luze bat dugu zain.
Herrixka ugari dago bidean eta paisaian, ia Peru
osoan bezala, Eukalipto
zuhaitza da nagusi.
Etxeak
berotzeko eta janaria prestatzeko ezinbesteko egurra eskaintzen die
zuhaitz honek.
Huachococha
aintziran ailegatu gara 4.360 metroan dagoen mendatera.
Aintziratik
oso gertu dago Vaqueria Huachococha
behitegia eta hara hurbildu gara bertan gaua emateko asmoarekin.
Behitegi hau, Don Boscoko
italiar boluntariok sortua, bailaran zehar zabalduta dauden
proiektuetako bat da, beti ere bertako biztanleen bizi-baldintzak
hobetzeko asmoarekin. Primeran hartu gaituzte eta afari oparoa
prestatu dute.
Goizean
goiz, gosaldu aurretik eta gu esnatu garenerako langileek behiak
jetzi dituzte. Elkarrekin gosaldu eta batzuk txerriei jaten ematera
doazen bitartean besteok bizikletak hartu eta maldan behera goaz.
Hori bai, behitegian egiten duten kiloko gazta bikaina alforjan
daramagu.
San
Luis herria pasa eta Chacas
herrira goazela nekazariak lanean ikus daitezke bailan osoan zehar.
Batzuk, astoaren laguntzaz lastoa xehatzen
eta beste
batzuk kinoa aleak aireratzen.
Chacas
herrira iritsi eta Eliza-etxean hartu dugu ostatu. Oso herri polita
da Chacas,
plazan belardi zabala etxe kolonialez inguratua eta atzean mendilerro
erraldoia.
Eta
eliza, herriaren bihotzean. 70. hamarkadan Italiako
Hugo apaiza
Chacasera etorri
eta berehala bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko lanean hasi
zen. Mato Grosso
operazioa bezala ezagutzen de gobernuz kanpoko erakundea martxan
jarri eta ordutik izugarri garatu da bailara. Gazte txiroei
eskulturan, pinturan, bidrioaren lanketan edo mosaikoen lanketan
formatzeko aukera ematen diete eta bost urtetako ikasketen ostean
titulu ofiziala jasotzen dute. Gero, nahi duenak, erakundeak
sortutako lantegietan lan egiteko aukera du eta horrela, inguruko
hainbat eta hainbat biztanlek egiten duen bezala Lima hiriburura joan
gabe, bailaran bizitzen geratu daitezke ingurukoei laguntzeko aukerarekin.
Ikusgarriak dira bertako tailerretan sortzen dituzten lanak.
Kutsu
erlijiosoa kenduta lan bikaina egiten du erakundeak. Eskerrik asko
eskaini diguzuen harrera eta arreta beroagatik.
PUNTA
OLIMPICA
Chacas
atzean utzi eta bagoaz Punta Olimpica
mendaterantz. Huanucotik
honako bidean azken mendatea izango da, 11 egunean 4.000 metrotik
gorako 6 mendate. Punta Olimpica
mendatea gurutzatuz Conchucos
bailaratik Huaylas
bailarara pasatuko gara. Lontxo,
Salva, Aitor
eta Eve…
askori entzun diegu mendate honen edertasunari buruz hitz egiten.
Aspaldiko ametsa zen guretzat hemen egotea, malda hauek igo eta
jaistea. Bailaran gora lehenengo Contrahierba
(5.956m) mendiko hormekin topo egin dugu.
Gezurra
dirudi baina harantz goaz, geroz eta gertuago, mendietatik zintzilik
dagoen izotza hatz puntekin ukituko dugula dirudi.
Liluratuta
goaz maldan gora, paisaiak sorginduta.
Eta ia
mendateren goialdean gaudela ezusteko galanta jaso dugu. Alta
Gracia hiriko Ana
eta Pablo
argentinar lagunekin hitzordua genuen inguru hauetan. Perura etorri
dira egun batzuetarako eta Limatik
autoz gerturatu dira Cordillera Blancara.
Ez zuten argi non geunden, ez genuen argi non zeuden, eta non eta
mendatearen goialdean topo egin dugu, Cancaraca
aintziraren ondoan eta Ulta
mendiaren begiradapean.
Lagunekin
tunela pasa eta mendatearen punturik garaienean gaude. Punta
Olimpica, 4.736m. Zeinen gertu ditugun
glaziarrak.
Mendatearen
mendebaldeko ikuspegia are eta ederragoa. Huascaran
mendia, 6.768 metrorekin Peruko
mendirik garaiena. Mendi puska erraldoi hori aurrean dugula bagoaz
mendatean beherantz hain gertu dugun izotzaren edertasunak izozturik.
Bailaran
aurrera goaz eta atzean ikus daitezke jaitsi dugun errepideak mendi
magalean marrazten dituen bihurgune estuak.
Atzean
utzi dugu Punta Olimpica
eta pentsatzen genuena baino ederragoa delakoan gaude. Sekulan pasa
dugun mendaterik politena ez bada, politenetakoa seguru.
Pablo
eta Ana
lagunekin Yungay
herrian elkartu, afaldu eta hurrengo egunean, bizikletak Yungayn
utzita, Laguna 69 aintzirara
oinezko txangoa zain dugu. Llanganuco
aintziraren ondoan autoa utzi eta bagoaz oinez.
69
aintziraren koloreak ez dirudi erreala, zeinen toki polita.
Aintziraren goialdean Chacraraju
(6.112m) mendi-puska gertu ikus daiteke.
Pozik,
lagunekin egun ederra pasata, agurtzeko garaia iritsi zaigu.
Cordillera Blanca
mendilerroan, Huascaran erraldoiaren
ondoan, laster arte.
Euskal
Herrian elkar ikusiko dugu.
IBILBIDEA - RUTA
Muchas gracias por las fotos que mandáis con las que disfruto viéndolas. Seguir disfrutando de ese estupendo viaje. Muchos besos. Soy PITXU.
ResponderEliminarPitxu, mila esker por ser nuestra seguidora fiel! Un fuerte abrazo eta laster arte
EliminarAupa Bikote:
ResponderEliminarPozten naiz horren ongi jarraitzen duzuela ikusteaz. Jarraitu disfrutatzen eta horen argazki ederrak igotzen.
Iñigo iloba
Aupa Iñigo! Besarkada handi bat eta aprobetxatu udan parranda aparte bizikletaz ibiltzeko!
EliminarMuxu bat
Ánimo chicos! fue un verdadero placer encontraros en Gocta-Dpto Amazonas, es un verdadero poder llegar hasta el corazón de los Andes, con sus tremendos desniveles con la bici.
ResponderEliminarY enhorabuena por el blog algunas fotos son extraordionarias, os seguiremos!
Un fuerte abrazo, Julio y Julia
Muchas gracias pareja,que bueno saber de vosotros! Como ha ido la vuelta casa? Esperamos que bien. Cuando podáis nos enviáis vuestro contacto de e-mail, no lo tenemos! Un abrazo desde Ecuador.
Eliminar