viernes, 24 de junio de 2016

PERUKO GAILUR TXURIETAN. CORDILLERA BLANCA

Warmshowers plataformaren bitartez ezagututako Abel jatorraren etxean egun bat lasai eman ondoren Huancayotik Huanuco hirirako bideari ekin diogu, seguruenik, Perun egin dugun ibilbideko zatirik itsusiena. Huancayorako bidean bezala, Huancayotik irtetean ere Mantaro ibaiaren ondotik jarraitu dugu. Meategiak geroz eta ugariagoak dira eta paisaia zeharo narrasten dute ibaia bera ere kutsatuz.


Herri zatarrak bata bestearen atzetik eta, agian Peruko herririk itsusiena izan daitekeena, mineralak prozesatzeko lantegiarekin, La Oroya.


Ibilbide honetako zatirik onena Junin herritik aurrera izan dugu, bide nagusia utzi eta Junin lakua inguratuz doan pista hartu dugunean. Junin lakua, Titicaca ostean, Perun dagoen lakurik handiena da eta mota askotako hegaztiz beteta dago.


Lakuaren ertzean, Sasicucho herrixkan, Alfonsok gaua pasatzeko txokoa egin digu bere etxean eta arratsaldean antxume txikiei biberoia ematen ibili gara.


Huanuco hiri atseginean Midori eta bere familiarekin eman ditugu bi egun, hauek ere, Warmshowersen bitartez ezagututa. Bertan jakin dugu PKK izan dela Peruko hauteskundeak irabazi dituena eta, hortaz, Alberto Fujimori diktadorearen alaba, Keiko Fujimori, ez da Peruko presidentea izango. Eta gu, Midori eta bere familia bezala, asko poztu gara. Beraiekin batera Fujimorismoa zer den ulertzen lagundu digun dokumentala ikusteko aukera izan dugu. Tarterik baldin baduzue hona hemen lotura. Merezi du: 
SU NOMBRE ES FUJIMORI

Gustura goaz Huanucotik, hori bai, handiuste pittin bat badute bertan, ezta?


Huanuco hiritik Cordillera Blancarako bidea hasi dugu eta egun gogorrak ditugu aurretik, mendatez mendate… Hiritik irten eta berehala lehenengoa.


Corona del Inca (4.000m) mendatean gora Isidora eta Willy bikoteak beren etxe aurrean kanpatzeko baimena emateaz gain familiarekin afaltzeko eta gosaltzeko gonbitea luzatu digu. Gurasoak bezala, seme-alaba jatorrak.


Bide gogor hauetan gabiltzala Ainhoaren aulkia eusten duen pieza apurtu egin da. Eskerrak Chavinillo herrian bizikleta tailer txiki bat topatu eta mekanikari prestuak konponketa on bat asmatu duen.


Inguruko herrietan ez da kolore guztietako artorik falta.


Huallanca herrira iritsi eta ibilbide honetako mendate garaienerako bidea hasi dugu. Lehenengo bi egunetan asfalto bikainak lagundurik iritsi gara Abra Yanashalla (4.700m) mendatera.

 
Hor, bide nagusia jarraitu beharrean eskuinerantz agertzen zaigun pista hartu eta gorantz jarraitu dugu 4.880 metrotaraino, Abra Huallapasca mendateraino. Eta hortxe, puntaren puntan gaduela, Cordillera Blanca mendilerroaren ikuspegi zoragarria agertu zaigu.


Mendateko punturik garaienean egon arren kilometro gogor batzuk ditugu aurretik, altueran gora eta behera.


Hori bai, zoragarria da tokia. Glaziarretarantz hurbilduz, pixkanaka, muturren aurrean ditugun arte.


Azkenean iritsi gara azken lepora eta bertan ezin dugu sinetsi zeinen gertu ditugun izotz puska erraldoiak.


Aurpegian irribarre zabala marrazturik bagoaz bailaran behera jaitsiera luze bezain gogor batean. Harriz eta hondarrez beteriko bideetan igoerak gogorrak baldin badira, jaitsierak ere ez dira makalak.


Beheranzko bidean Puya Raimundii landare bitxiarekin topo egin dugu. Andeetako landare hauek hiru metroko altuera har dezakete eta 150 behar dituzte loratzeko, hortaz, munduan hazteko denbora gehien behar duen landarea da.


Bailara eder hau agurtu eta Pachacoto herrixkan bat egin dugu asfaltozko bide nagusiarekin. Oso nekatuak eta oso pozik bertan emango dugu gaua.


Cordillera Blancaren ondotik bi bailara doaz hegoaldetik iparraldera. Mendebaldean Callejon Huaylas bailara nagusia dago eta bertan Huaraz hiria. Ekialdean Callejon Conchucos bailara bigarren mailako bideekin eta herri txikiagoekin. Azken honetatik joatea erabaki eta ezusteko galanta jaso dugu. Callejon Conchucosera pasatzeko Kahuish tunela pasa behar da eta gure maparen arabera 4.172 metroan dago. Lasai hasi dugu eguna, asfalto leuna, maldan gora poliki, eguraldi bikaina… baina azkar hasi zaigu okertzen kontua. Goiza aurrera doan heinean haizea esnatzen doa eta geroz eta gogorrago datorkigu aurretik. Eta gorantz goazela jakinarazi digute ezetz, ez direla 4.172 metro, mapa erratuta dagoela eta gorago igo behar garela. Zer? Kaka zaharra! Gure egun lasaia ez da uste bezain lasaia izan. Hortzak estuturik eta ukabilak gora iritsi gara ditxosozko tunelera.


Tunela pasa eta maldan behera sartu gara Conchucos bailara ederrera.


Herri lasai eta politak aurkitu ditugu bailara honetan, jende oso jatorrarekin beti. Horietako bat da Huari. Espainiar kolonizatzaileek sarraski fisikoaz gain sarraski kulturala ere eragin zuten inguru hauetan. Penagarria.


Huari herri politeko plazan bazkaltzen gaudela herriko telebistako bi kazetari hurbildu eta elkarrizketa bat grabatu digute. Gauza bitxiak ez dira falta!


Huaritik gora alfaltoari agur esan eta beste mendate luze bat dugu zain. Herrixka ugari dago bidean eta paisaian, ia Peru osoan bezala, Eukalipto zuhaitza da nagusi.


Etxeak berotzeko eta janaria prestatzeko ezinbesteko egurra eskaintzen die zuhaitz honek.


Huachococha aintziran ailegatu gara 4.360 metroan dagoen mendatera.


Aintziratik oso gertu dago Vaqueria Huachococha behitegia eta hara hurbildu gara bertan gaua emateko asmoarekin. Behitegi hau, Don Boscoko italiar boluntariok sortua, bailaran zehar zabalduta dauden proiektuetako bat da, beti ere bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko asmoarekin. Primeran hartu gaituzte eta afari oparoa prestatu dute.


Goizean goiz, gosaldu aurretik eta gu esnatu garenerako langileek behiak jetzi dituzte. Elkarrekin gosaldu eta batzuk txerriei jaten ematera doazen bitartean besteok bizikletak hartu eta maldan behera goaz. Hori bai, behitegian egiten duten kiloko gazta bikaina alforjan daramagu.



San Luis herria pasa eta Chacas herrira goazela nekazariak lanean ikus daitezke bailan osoan zehar. Batzuk, astoaren laguntzaz lastoa xehatzen


eta beste batzuk kinoa aleak aireratzen.


Chacas herrira iritsi eta Eliza-etxean hartu dugu ostatu. Oso herri polita da Chacas, plazan belardi zabala etxe kolonialez inguratua eta atzean mendilerro erraldoia.



Eta eliza, herriaren bihotzean. 70. hamarkadan Italiako Hugo apaiza Chacasera etorri eta berehala bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko lanean hasi zen. Mato Grosso operazioa bezala ezagutzen de gobernuz kanpoko erakundea martxan jarri eta ordutik izugarri garatu da bailara. Gazte txiroei eskulturan, pinturan, bidrioaren lanketan edo mosaikoen lanketan formatzeko aukera ematen diete eta bost urtetako ikasketen ostean titulu ofiziala jasotzen dute. Gero, nahi duenak, erakundeak sortutako lantegietan lan egiteko aukera du eta horrela, inguruko hainbat eta hainbat biztanlek egiten duen bezala Lima hiriburura joan gabe, bailaran bizitzen geratu daitezke ingurukoei laguntzeko aukerarekin. Ikusgarriak dira bertako tailerretan sortzen dituzten lanak.



Kutsu erlijiosoa kenduta lan bikaina egiten du erakundeak. Eskerrik asko eskaini diguzuen harrera eta arreta beroagatik.

PUNTA OLIMPICA
Chacas atzean utzi eta bagoaz Punta Olimpica mendaterantz. Huanucotik honako bidean azken mendatea izango da, 11 egunean 4.000 metrotik gorako 6 mendate. Punta Olimpica mendatea gurutzatuz Conchucos bailaratik Huaylas bailarara pasatuko gara. Lontxo, Salva, Aitor eta Eve… askori entzun diegu mendate honen edertasunari buruz hitz egiten. Aspaldiko ametsa zen guretzat hemen egotea, malda hauek igo eta jaistea. Bailaran gora lehenengo Contrahierba (5.956m) mendiko hormekin topo egin dugu.


Gezurra dirudi baina harantz goaz, geroz eta gertuago, mendietatik zintzilik dagoen izotza hatz puntekin ukituko dugula dirudi.


Liluratuta goaz maldan gora, paisaiak sorginduta.


Eta ia mendateren goialdean gaudela ezusteko galanta jaso dugu. Alta Gracia hiriko Ana eta Pablo argentinar lagunekin hitzordua genuen inguru hauetan. Perura etorri dira egun batzuetarako eta Limatik autoz gerturatu dira Cordillera Blancara. Ez zuten argi non geunden, ez genuen argi non zeuden, eta non eta mendatearen goialdean topo egin dugu, Cancaraca aintziraren ondoan eta Ulta mendiaren begiradapean.


Lagunekin tunela pasa eta mendatearen punturik garaienean gaude. Punta Olimpica, 4.736m. Zeinen gertu ditugun glaziarrak.


Mendatearen mendebaldeko ikuspegia are eta ederragoa. Huascaran mendia, 6.768 metrorekin Peruko mendirik garaiena. Mendi puska erraldoi hori aurrean dugula bagoaz mendatean beherantz hain gertu dugun izotzaren edertasunak izozturik.



Bailaran aurrera goaz eta atzean ikus daitezke jaitsi dugun errepideak mendi magalean marrazten dituen bihurgune estuak.


Atzean utzi dugu Punta Olimpica eta pentsatzen genuena baino ederragoa delakoan gaude. Sekulan pasa dugun mendaterik politena ez bada, politenetakoa seguru.
Pablo eta Ana lagunekin Yungay herrian elkartu, afaldu eta hurrengo egunean, bizikletak Yungayn utzita, Laguna 69 aintzirara oinezko txangoa zain dugu. Llanganuco aintziraren ondoan autoa utzi eta bagoaz oinez.



69 aintziraren koloreak ez dirudi erreala, zeinen toki polita. Aintziraren goialdean Chacraraju (6.112m) mendi-puska gertu ikus daiteke.



Pozik, lagunekin egun ederra pasata, agurtzeko garaia iritsi zaigu. Cordillera Blanca mendilerroan, Huascaran erraldoiaren ondoan, laster arte.


Euskal Herrian elkar ikusiko dugu.


IBILBIDEA - RUTA

6 comentarios:

  1. Muchas gracias por las fotos que mandáis con las que disfruto viéndolas. Seguir disfrutando de ese estupendo viaje. Muchos besos. Soy PITXU.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Pitxu, mila esker por ser nuestra seguidora fiel! Un fuerte abrazo eta laster arte

      Eliminar
  2. Aupa Bikote:
    Pozten naiz horren ongi jarraitzen duzuela ikusteaz. Jarraitu disfrutatzen eta horen argazki ederrak igotzen.

    Iñigo iloba

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Aupa Iñigo! Besarkada handi bat eta aprobetxatu udan parranda aparte bizikletaz ibiltzeko!
      Muxu bat

      Eliminar
  3. Ánimo chicos! fue un verdadero placer encontraros en Gocta-Dpto Amazonas, es un verdadero poder llegar hasta el corazón de los Andes, con sus tremendos desniveles con la bici.
    Y enhorabuena por el blog algunas fotos son extraordionarias, os seguiremos!
    Un fuerte abrazo, Julio y Julia

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Muchas gracias pareja,que bueno saber de vosotros! Como ha ido la vuelta casa? Esperamos que bien. Cuando podáis nos enviáis vuestro contacto de e-mail, no lo tenemos! Un abrazo desde Ecuador.

      Eliminar