domingo, 22 de mayo de 2016

LA PAZETIK CUZCORA, AGUR BOLIVIA
(traducción al final de la entrada)

La Paz hiria guretzat eta gure bizikletentzat indarberritzeko tokia izan da. Ia 10.000 kilometro eginak, gure bizikleten kateak eta pinoien kaseteak aldatzeko ordua iritsi da. Argazki kamerak ere konponketatxoa behar du. La Pazera iristear geundela aurreko gurpila zulo batean sartu eta Koldoren aurreko poltsako gauza guztiak, kamera barne, hegan joan ziren. Eskerrak kameraren objektibo matxuratua konpontzeko tokia topatu dugun. Eta guretzat ere txoko goxoa aurkitu dugu La Pazeko hiriko “Casa Ciclista”n. Txirrindulariontzat ostatu merkea eskaintzen du eta beti da atsegina esperientziak eta bideak elkartrukatzea. Etxea nahiko beteta egon ohi den arren giro lasaia topatu dugu guk.  Mapen inguruan gaude Simon eta Webi frantsesak, Daniel kolonbiarra eta gu biok.


Bizi-biziak dira hiriko kaleak eta batzuetan kontraste handiak topa daitezke. Murillo plaza dotorea


eta Amerikako hiri askotan topa daitezkeen zapata-garbitzaileak. Lanbide gogor honetan atseden hartzeko edozein txoko da ona.


La Pazeko hiritarrek zinez eskertu dute bertako maldei aurre egiteko azken urteetan eraikitako funikular dotorea.


Guk zortea izan dugu hiria uzteko egunean. Cristianek, Casa Ciclistako arduradunak, bizikleta-lasterketa batean parte hartuko du Viacha herrian eta autoa hartuta gu ere bertaratu gaitu bizikleta, ekipaia eta traste guztiekin. La Pazeko irteera gogor eta desatsegina aurreztu digu eta bigarren mailako bideetatik abiatzeko parada izan dugu. Horretaz gain esperientzia polita izan da Boliviako lasterketa baten hasiera ikustea. Eskerrik asko guztiagatik, Cristian.


Berriz ere martxan, hiritik urruntzen goaz gerturatu ginenean bezala: behiak inguruan eta nekazariak garagar uzta jasotzen. Egun berean ikusi ditugu boliviar bizikletak lasterketan eta boliviar bizikletak landetan.


Bolivia, gu bezala, benetako herrialde patateroa da. Patata da nagusi inguruan eta ezinbesteko elikagaia bertakoen dietan. Hori bai, gure aldean patata aniztasuna izugarria da hemen. Ezagutzen ez ditugun patata mota pila dituzte eta horietan berezienetako bat “chuñoa” da. Patata mota hau etxearen kanpoaldean uzten dute gutxienez bi gauez izoztu dadin eta gero, sukaldean prestatu aurretik, mahatsa lez, hankekin zapaltzen dute. Horretan topatu dugu bat baino gehiago.


Bazkalorduan herrietan aukera onak eta merkeak topatzea erraza da: 10 bolibianogatik (euro eta erdi) “almuerzo” goxoa. Zopa lehenengo eta bigarren plater oparoa eskaini dizkigu Anak Pucarani herrixkan.



Janariarekin jarraituz, gazta barra-barra jaten ari gara. Andrea andereak, Titicaca lakurako bidean, lotarako txokoa eskaintzeaz gain esne jetzi berria oparitu digu eta guk, goizean, agurtu aurretik, kiloko behi-gazta erosi diogu. Badugu aste batzuetarako gazta zati bat!



Iritsi gara Titicaca laku erraldoira. Bolivia eta Peru artean, bataz beste 3.812 metroan kokatua, nabigatu daitekeen munduko lakurik garaiena da. Oso ederra da bere inguruan bizikletaz ibiltzea eta bertatik Boliviako Cordillera Real mendilerroaren ikuspegia zoragarria da.


San Pablo de Tiquinatik San Pedro de Tiquinara igarotzeko ontzia hartu behar da, Pasai San Juanetik Pasai San Pedrora bezala. Egurrezko baltsa antzeko ontzietan denetarik sartzen da: auto, moto, autobus, kamioi zein bizikleta.


Laku ertzean kokatua dagoen Copacabana herri turistikora iritsi gara.


Bertatik irteten dira laku erdian kokatuta dagoen “Isla del Sol” irlarako txalupak eta, ikusi dugunez, turismoa izugarri ugaritu da azken urteetan. Bizikletak Copacabanan utzi eta bagoaz gu ere artaldean.


Egiari zor, toki ederra da “Isla del Sol” eta kokagune paregabean egoteaz gain Inkek eraikitako hainbat aztarna ikus daitezke.



Halere, guretzat onena, bakardadean, lasai asko egin dugun kanpaldia izan da. Ilunabar eta egunsenti zoragarriak.


Copacabanatik oso gertu daukagu Bolivia eta Peru banatzen dituen muga. Laku erraldoiaren ondotik, bagoaz hainbeste eman digun Boliviatik. Duela zazpi urte egon ginen lehen aldiz herrialde honetan, bueltatuko ginela  esan genuen eta bueltatu gara. Aldi hartan, Bolivia borbor zegoen politikoki, aldaketa garaia zen. Oraingoan, orduan hasitako bidearen emaitza batzuk ikusi ditugu. Hazten ari da Bolivia eta jendearen bizimodua hobetzen doa. Eskolak, osasun zentroak, errepideak, zubiak, etxebizitza berriak… hori da guk ikusi duguna. Horregatik, guk behintzat argi dugu.


Bagoaz hainbeste maite dugun Boliviatik boliviarren berotasun, gertutasun, gardentasun eta sakontasunarekin. Eskerrik asko denoi.


KAIXO PERU

Titicaca ertzetik sartu gara Perura herrialde berri batean sartzeak eragiten digun urduritasun txiki horrekin, ezjakintasunak eta  ziurgabetasunak sortzen digun sabeleko dirdirarekin.


Gauza bat behintzat berbera da mugaren bi aldeetan, Aimara hizkuntzaz mintzo dira: - Kamisaki? (zer moduz zaude)- Oihukatzen diegu bizikletatik bide ertzean topatzen ditugun lehenengo perutarrei eta – Gualliki! (ongi!)- erantzuten digute. Lehenengo gaua Challacollo herrixkako eskolan eman dugu eta Aimara hizkuntzaz ere irakasten dute bertan.


Titicaca lakuaren ertzak Bolivian baino baratz gehiagorekin topatu ditugu. Lakuko urek ertzak busti eta lur emankorrak uzten dituzte. Baratzean dagoen emakumeri argazkiren bat ateratzeko geratu, solasean hasi eta opariarekin jarraitu dugu bidea.



Eta Ilave herria pasa bezain pronto mugarri batera iritsi gara. Zenbaki borobila erakutsi digu kilometro-kontagailuak. 10.000 km, BIBA!!!


Hurrengo egunean, eguerdi partean pasa gara Puno hiritik eta bertan agurtu dugu Titicaca lakua.


Lakuari agur esateaz gain Cuzcorako errepide nagusiari ere gero arte esan diogu.


Txirrindulari batzuk gomendatuta Juliaca hiria ekiditea erabaki dugu eta horretarako bigarren mailako bide batetik iritsi gara Mañazo herrixkara. Herrira sartu aurretik ikusitako baserri batera hurbildu eta beraien etxe ondoan kanpatzeko baimena eman digute Pastor jaunak eta Eulogia andereak.


Oso gustura ibili gara hitz eta pitz eta konturatu orduko afaria jarri digute muturren aurrean. Elkarrekin jan ditugu patatak eta gazta.


Trafikorik gabeko panpa zabaletik Lampa herrirantz abiatu gara.


Lampa herriko sarreran Amaren Eguneko ospakizunetan zeuden eskolan eta eskolako amak Peruko emakumeek hain gogoko duten boleibolean jolasten topatu ditugu.


Kolonizatzaileen garaiko herri polita da Lampa eta etxeen koloreek Herri Arrosa izena eman diote.


Hortik aurrera bailara eder batean sartu eta pixkanaka bidea gogortuz doa.


Bailara estutuz doa Vila Vila herrixkara iritsi arte eta hortik aurrera haginak zorroztu behar izan ditugu. Bertakoek aurretik malda gogorrak ditugula esan diguten arren ez  genuen uste hainbeste igoko ginenik. Malda bakoitzaren ostean mendatearen gailurra topatuko dugunaren ustea dugun arren, malda bakoitzaren ondoren beste malda bat topatzen dugu.


Azkenean, kostata baina iritsi gara mendatearen bukaerara. Altimetroak 4.860 metroan gaudela dio, bejondeigula!


Hortik behera 4.400 metroan dagoen Vilcamarca herrixkako “Salon Comunal” herriko aretoan gaua pasa eta goizean bailara ezin ederrago batetik jaitsiera zoragarria dugu. Gogortasunaren ordaina.



Chuquibambilla herrixkan hartu dugu berriz ere asfaltozko bide nagusia eta bertatik errazago egin ditugu Santa Rosa herrirainoko kilometroak. Herriko sarreran dagoen gasolindegiko Gladys andereak gure kanpin-denda kokatzeko tokia egin digu.


Gladysen hamabi urteko alaba gazteena Lurreina da. Maitagarria.


Hurrengo goizean, Santa Rosatik ateratzen garen heinean, ikasle asko topatu dugu bizikletaz eskolara gerturatzen.


Bailaran gora Puno eta Cuzco probintziak banatzen dituen Abra La Raya mendatera iritsi gara.



Mendatea pasa eta kilometro gutxira Aguas Calienteseko termak daude eta azken aldian dutxa zeinen garesti dagoen ikusita… uretara!


Abra La Raya mendatea benetako muga fisikoa da. Panpa zabaletik Aguas Calientes inguruan jaiotzen den Vilcanota errekak irekitako bailara estura pasa gara. Ibaia hau lagun dugu ia Cuzco hiriraino.


Frantses familia batekin topo egin dugu bidean eta gaua elkarrekin pasa dugu. Toulouseko Marie eta Guilleme, Casandra eta Hector seme-alabekin dabiltza bizikletaz bidaiatzen. Hori bai meritua!


Cuzcora iritsi aurretik berriz ere bide nagusia utzi dugu maldan gora igo eta Acopia herri politetik pasatzen den lau lakuen ibilbidea egiteko.


Eta konturatuko orduko Cuzcon gara, garai batean Inka inperioren hiriburua izandakoan. Txirrindulariok hain gogoko dugun Hostal la Estrellitan ostatu hartu eta txundituta geratu gara Cuzco hiriko eraikinen dotoretasunarekin. “Plaza de Armas” plaza nagusia eraikin ederrez inguratua dago.


Gertu dago Machu Picchu.  Baina Cuzco eta inguruko kontuak hurrengo baterako utziko ditugu. Aitor eta Eve lagunekin hitzordua daukagu aurki. Bideak elkartuko gaitu.


IBILBIDEA
Bolivia: Viacha - Peru: Cuzco
 
DE LA PAZ A CUZCO, ADIÓS BOLIVIA

La Paz ha sido para nosotros un buen lugar para poner a punto nuestras bicis. Después de 10.000 kilómetros era ya el momento de cambiar las cadenas y los cassettes de piñones. También hemos aprovechado para hacerle un pequeño arreglo a la cámara de fotos. Cuando estábamos ya cerca de La Paz, la rueda delantera de Koldo se metió en un agujero y todo lo que llevaba en la bolsa de la parte delantera, incluida la cámara, voló. Menos mal que al llegar encontramos un sitio para arreglar el objetivo dañado. También hemos tenido suerte al poder alojarnos en la Casa Ciclista de La Paz, un lugar con precios baratos y que te da la oportunidad de compartir experiencias con otros cicloviajeros. Aunque la casa suele estar bastante ocupada, hemos disfrutado de un ambiente tranquilo. En la foto, rodeados por mapas, nos encontramos junto a los franceses Simon y Webi y un colombiano llamado Daniel.

Las calles de esta ciudad están llenas de vida y en ocasiones, el contraste que puedes en encontrar en ellas es sorprendente. La elegante plaza Murillo por un lado, y la típica estapa americana de los limpiadores de botas por otro son una muestra de ello.

Hemos tenido mucho suerte a la hora de despedirnos de La Paz. Cristian, responsable de la Casa Ciclista, iba a participar en una carrera en bici en el pueblo de Viacha y aprovechando la oportunidad hemos ido con él hasta allí en su coche. Así es como nos hemos librado de la dura y complicada salida de La Paz, además de poder continuar con nuestro camino por carreteras secundarias. Ha sido una bonita experiencia poder ver la salida de una carrera ciclista en Bolivia. Muchas gracias por todo Cristian.

Bolivia es, como nosotros, un verdadero país patatero. La patata es un ingrediente principal en su dieta y se cultiva abundantemente en sus tierras. Eso sí, la variedad que poseen no es comparable a la nuestra. Cuentan con un montón de variedades de patata que nosotros ni conocemos, entre ellas el chuño, la cual tienen como costumbre dejarla fuera de la casa durante dos noches para que se congele, y después, antes de cocinarla, al igual que se hace con la uva, la pisan.

A la hora de la comida es sencillo encontrar un buen lugar donde comer a muy buen precio; por 10 bolivianos (euro y medio) puedes hacer un buen almuerzo. En Pucarani, Ana nos ha ofrecido una sopa de primero y un abundante plato de segundo. Siguiendo con el tema de la comida, tenemos que decir que estamos disfrutando mucho comiendo queso. La señora Andrea, de camino al lago Tititcaca, además de ofrecernos un lugar agradable donde descansar,también nos ha obsequiado con leche recién ordeñada. Nosotros por nuestra parte, antes de despedirnos, le hemos comprado un queso de leche de vaca de kilo. ¡Ya tenemos provisiones para unas cuantas semanas!

Llegamos al gigantesco lago Titicaca, que se encuentra situado entre Bolivia y Perú, a una altura media de 3.812 metros, lo que le hace ser el lago navegable más alto del mundo. Es precioso poder pedalear alrededor del lago en bici y disfrutar con las maravillosas vistas de la Cordillera Real de Bolivia. En el turístico pueblo de Copacabana, que se encuentra junto al lago, se cogen las barcas con destino a la Isla del Sol. Observamos que el turismo ha aumentado considerablemente en los último años. Nosotros dejamos las bicicletas en Copacabana, pasando así a formar parte del rebaño de turistas. A decir verdad, la Isla del Sol es un lugar precioso, que además de estar localizado en un enclave que la hace más bonita aún, cuenta también con vestigios de construcciones incas. Sin embargo, nosotros nos quedamos con la tranquilidad de la acampada tanto al anochecer como al amanecer.

Muy cerca de Copacabana se encuentra la frontera que separa Bolivia de Perú. Pedaleando por la orilla del río, nos despedimos de este país que tanto nos ha dado. Fue hace siete años cuando por primera vez estuvimos aquí y dijimos que volveríamos. En aquel momento, Bolivia vivía un momento político histórico que estaba en plena ebullición, eran tiempos de cambio. Ahora, hemos podido observar el resultado de aquellos cambios. Bolivia está creciendo y la calidad de vida de sus gentes mejora poco a poco. Se nota en infraestructuras como los centros de salud, las escuelas, las carreteras y los puentes, las casas... Así lo hemos percibido nosotros. Es por ello que lo tenemos claro.

Nos marchamos de Bolivia con el calor, la cercanía, la transparencia y la profundidad de los bolivianos presentes. ¡Gracias a todos/as!


RUTA

4 comentarios:

  1. Aupa bikote!!oso polita dena.gu san pedro de atacaman gaude,bihar uyunira joateko asmoz.gero eta gertuago gaude. Laster arte!muakaa

    ResponderEliminar
  2. Aupa lagunak! Gozatuko duzue Uyuniko gatzagan, toki oso berezia da. Daramazuen martxan hemendik gutxira Peruko txokoren batean elkarrekin gaude. Laster arte!

    ResponderEliminar
  3. Egunon bikote!!
    Berriro ere argazki ederrak eta azalpen paregabeak!!! Aupa zuek!!!
    Txapeldunak!!!
    Segi hórrela!!

    ResponderEliminar
  4. Eskerrik asko boskote! Machu Picchu ikusi ostean orain Perun gabiltza maldan gora maldan behera. Zuek zer, udarako planik? Furgoneta prest? Bizikletak prest? Oporreten gozatu eta oso pasa!

    ResponderEliminar