viernes, 12 de febrero de 2016

SUAREN LURRALDEAN

Puerto Natalesen atseden hartzeaz gain txirrindulari gehiago ezagutu dugu. Unai eta Maria euskaldunak gure aurretik dabiltza hegoalderako bidean (suarenbila.wordpress.com) eta Ishbel eskoziarra iparralderantz doa. Benetan jende jatorra, biba zuek!


Puerto Natalesetik Punta Arenas hirirako bidean lagun berriren bat egin dugu, kasu honetan Chingue edo Zorrillo Magallanicoa.


Patagoniako ardia oso ezaguna da eta inguruan milaka ikus daitezke. Villa Tehuelches herrixkara iristen geundela orain arte ikusitako artalderik handiena topatu dugu. Bost gautxo txakurren laguntzaz 10.000 ardi gobernatzen!



Hegoalderako bidean gure azken herri kontinentala Punta Arenas hiria da.


1848an sortua gaur egun 124.000 biztanle ditu. Magallanes itsasartean kokaturik, estrategikoki eta merkataritzarako toki oso garrantzizkoa da txiletarrentzat.


Kontinentea utzi eta Tierra de Fuegora pasatzeko bizikletak itsasontzian sartu eta Magallanes itsasartea igaro dugu. 1520an Fernao de Magalhaes portugaldar esploratzailea izan zen itsasartea igaro zuen lehen europarra eta hortik jaso du izena.


Tierra de Fuego irlei izena esploratzaile portugaldarrak eman zien. “Tierra de los fuegos”  deitu zion lur honi bere itsasontzitik bertan bizi zen Selkam herri nomadak piztutako suak ikusi zituenean.

Porvenir herrian utzi gaitu itsasontziak, Tierra de Fuegorako gure atea.


XIX. mende hasieran Europatik eta Txileko Chiloe irlatik etorkin asko etorri zen hona urrearen sukarrak erakarrita. Gaur egun oraindik ikus daitezke urrea bilatzeko erabiltzen zituzten makina zaharrak.


Gogoz ekin diogu itsasertzeko bideari.


Ripiozko bidea den arren, haizea alde eta trafiko gutxirekin erraz egin ditugu kilometroak.



Bidean ez dago herririk, noizean behin estantziaren bat eta bat-batean, ezerezaren erdian, bidegurutze bat. Hortxe topatu dugu txirrindulariek aterpe bezala erabili ohi dugun bus geltokia. Toki zoragarria guretzat.


Bidegurutzean, ekialdera doan bide nagusia utzi eta kostaldetik doan bidea hartu dugu pixkanaka Bahía Inútil badian murgilduz.


Bide nagusiak San Sebastianen gurutzatzen du Txile eta Argentina arteko muga baina guk, topatu ditugun txirrindulari batzuen gomendioak jarraituz, Bellavista ibaian dagoen muga gurutzatzea erabaki dugu. Urtarrilaren 21ean ireki zuten hegoaldeko muga hau eta martxoa edo apirilera arte egoten da irekita, ibaiaren ur emariaren arabera.

Bidegurutzetik kilometro gutxira, Inútil badian, lagun berria: Pinguino Erregea


Pinguinoetan bigarren espezierik handiena da, Pinguino Enperadorea da handiena. Ehun bat pinguino daude kolonia honetan eta gustura, luze egon gara animalia jator hauei begira.


Oso txukunak dira eta garbi mantentzen dute gorputza.


Pinguinoak agurtu eta itsasertzetik jarraitu dugu Cameron estantziara iritsi arte. Hor utzi dugu Inútil badia eta ekialderako bidea hartu dugu irlaren erdialderantz.



Orokorrean eguraldi atsegina izan badugu ere, euriak ere harrapatu gaitu. Goiz euritsu batean, babes bila, Rio Grande estantziako atea jo dugu.


Yolandak atea ireki eta aterpea eskaini digu. Toki paregabea egun euritsua pasatzeko. Hurrengo goizean, agurtu aurretik, ogi egin berria opari.



Rio Grande ibaiaren ondoan dago estantzia. Ibai hau ezaguna da arrantzaleen artean eta mundu guztiko arrantzaleak sekulako dirutza ordainduta inguruko ibaietara hurbiltzen dira tamaina handiko amuarrainak  arrantzatzera.


Txile utzi eta Argentinara pasa aurretik Lago Blanco ezagutzeko aukera izan dugu. Panpa soila utzi eta bat-bateko aldaketa suposatu digu basoz inguraturiko lakura iristeak.


Laku ondoan kanpatzea zoragarria izan da. Suzko zerua suaren lurraldean.


Basoa atzean utzi, Bellavista ibaia pasa eta guanaco artean berriz ere Argentinan gaude.



Jose Menendez estantzian kanpin-denda jartzeko txokoa egin digutenez estantzia ezagutzeko aukera izan dugu.


1893an sortua, artilea da etxalde honetako produkzioaren oinarria. Garai batean sekulako indarra izan zuen baina gaur egun artileak ez du garai bateko garrantzia eta estantziak berak ere produkzioa izugarri jaitsi du.



“Galpon de esquila”n ardiei ilea mozten diete eta nahiz eta gaur egun makina berriagoak erabili garai bateko makina zaharra gordeta dute.



Jose Mendez estantziak badu bere alde iluna Selkam herriaren sarraskiarekin oso lotuta egon baitzen. Abeltzaintzaren etorrerarekin Selkam herriaren desagertzea etorri zen, akabatu egin zituzten. Hiltzaile bortitzena Alexander MacLennan eskoziarra izan zen. Honek, Jose Menendezentzat lan egiten zuen eta bere aginduak  jarraituz hilketa asko burutu zituen.

Panpa zabala apainduz, han-hemenka, errekak sigi-saga.


Patagonia osoan bezala gautxoarentzat berebiziko garrantzia du zaldiak.



Yehuin lakurako bidean Tierra de Fuegoko mendietara hurbiltzen hasi gara.


Bidean beste opari bat: Mariela eta Claudio. Laku ertzean duten etxetxora gonbidatu eta bertan ohe gozoa eta afari goxoa eskaini dizkigute. Afalaurretik txakurrak hartu eta Yehuin laku ertzera hurbildu gara.



Hori bai, onena beraiekin solasean aritzea izan da. Horrelako jende maitagarria ezagutzeak biderik gogorrena ere konpentsatzen du. Argentina hobe ezagutzeko aukera eman digute. Eskerrik asko bioi!


Loreek apaindutako bidetik autoz jositako errepidean sartu gara. Bigarren mailako bidea utzi eta errepide nagusira iristea zaplazteko bat jasotzea bezalakoa izan da.


Argentinarrentzat asteburu luzea da, astelehena eta asteartea jai, eta errepidean nabaritu dugu. Autoak ziztu bizian etengabe, batzuk gertuegi pasatzen…  eskerrak azkar asko iritsi garen Toulhin herrira! Fagnano lakuaren ertzean kokatua dago herria eta Ushuaiara doan txirrindulariarentzat ezinbesteko geltokia da.


Bertan dago La Unión okindegia eta doako ostatua eskaintzen dute txirrindulariontzako.



Bi egun eman ditugu bertan jaiegunak pasa arte. Okindegiko lana ezagutu eta, nola ez, gozatu. Gozozaleen paradisuan, lepo jarri gara!



Polita da txirrindulariok hormetan utzitako arrastoak irakurtzea. Okindegi atzean dagoen logelan mundu osoko bizikleta bidariek lo egin dute.


Oraingoan bost txirrindulari elkartu gara: Deja estatubatuarra, Francisco brasildarra, Sebastian alemaniarra eta bi euskaldunak. Asado ederra prestatu digu Franciscok!


Trafiko askoz lasaiagoarekin egin ditugu Ushuaiara geratzen zaizkigun bi egunak. Lago Escondido ertzean pasa dugu azken gaua Franciskorekin batera.


Baina azken egunean, Garaibaldi azken mendatea igo eta jaitsieran sekulako euri zaparradak harrapatu gaitu. Estalpean mokadutxo bat hartzeko geldialditxoa egin eta



bustita, hotzez baina pozaren pozez… iritsi gara Ushuaiara! Hemen gara, BIBA!!!



IBILBIDEA (klikatu izenean)

5 comentarios:

  1. Respuestas
    1. Eskerrik asko animoengatik familia! Ushuaitik muxu bana

      Eliminar
  2. It´s the end of the world!!! (As we know it).
    Ziuraski berriro errepidera bueltatzeko gogoekin izango zarete jada, ezta??

    Milesker urrutiko eskualde horietako argazki eta kronika ederrak eskeintzeagatik.

    Keep on rockin!!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Eeeeeez hemen ez da ezer bukatzen, dena norabide kontua da, gauzak nondik begiratzen diren... Orain kamioi, autobus, auto... dena delakoan Argentina iparraldera goaz han berriro bizikletari ekiteko gogoekin.

      Keep on riding!!

      Eliminar
  3. Ederra izan da zuekin bidaiaren zati bat konpartitzea. Ea hurrengoa noiz eta non den.
    Segi argazki ederrak sartzen. Horrela etxetik bidaiatuko dugu zuekin.
    Ametsak egi bihurtzen ditugulako
    Besarkada handi bat

    ResponderEliminar