PERUKO SIGI SAGAN
GORA ETA BEHERA
Cuzco hiri dotoreaz
gozatzen eman ditugu hiru egun. Harrizko kaleetan barna etxe kolonialez eta Cuzkoko biztanleez inguratuta paseatzea oso atsegina da. Hori bai,
hemen ere ez da maldarik falta.
Perura sartu ginenetik
harritu gaituen gauzetariko bat Labezomorro
modeloko autoak dira. Asko ikusten dira eta oso ongi zainduak.
Eta Cuzcotik
utzi aurretik euskaldunen arteko topaketa izan dugu. La Estrellita ostatuan Jon
eta Miren hondarribiarrekin eta Beñat gasteiztarrarekin elkartu gara. Jon eta Miren motxilak hartuta Hegoamerikan
zehar bidaiatzen dabiltza eta Beñat,
berriz, boluntario lanak egiten dabil Peruko
mendialdeko bi eskolatan. Gustura egon gara elkarrekin afaltzen kontu-kontari
eta bizikletaz bidatzen hasteko berotu
ditugu… laster arte!
Bizikletak hartu eta bagoaz Cuzcotik gertu dagoen Bailara Sakratura. Pisac herrian, berriz ere Vilcanota
errekaren ertzean, bat egin dugu Inken
aztarnaz josia dagoen bailararekin.
Bertan dago Urubamba herria eta hortxe, txirrindularioi ostatua eskaintzen
digun Warmshowers plataformaren
bitartez harremanean jarrita, Julia eta Diegoren etxean utzi ditugu gure traste guztiak Machu Picchurantz abiatzeko. Autobusez
iritsi gara Santa Maria herrixkara, hortik
autoz Santa Teresara, beste auto bat
Hidroelektrikara eta azkenik, bi
ordu oinez trenbide ondotik ibili
ostean, iritsi gara turismoaren itzalean sortu den Aguas Calientes herri itsusira.
Hauxe da Aguas Calientesera iristeko bide merkea. Beste aukera ehundik gora
euro ordaindu eta Cuzcotik zuzenean
trenez iristea da… ez da gure aukera.
Ainhoaren
urtebetetzea ospatzeko afari oparoa eta, nola ez, urtebetetze tarta.
Goizeko bostak dira eta Aguas Calientesen eta sekulako ilara
sortu da dagoeneko herrixkatik Machu
Picchuko aztarnetara igotzen diren autobusen zain.
Umetatik, abenturazko komikietan
irakurrita, toki zoragarri hau ezagutzearen ametsa izan du Koldok eta azkenean hemen gara. Turistez beteta egon arren
txundituta uzten zaituen tokia da. Aztarnak ederrak dira, baina guri gehien
txunditu gaituena tokia non kokatua dagoen ikustea da. Mendi puntan,mendiz
inguratua, nola demontre eraiki zuten?
Aztarnen ondoan dagoen mendira igo gara
lehendabizi eta goizeko lainoen artean jolasean agertzen eta desagertzen zaigu Machu Picchu.
Hainbestetan ikusi dugun irudia aurrez
aurre dugu eta momentua oso berezia da.
Egun osoa eman dugu lasai, aztarnategitik
gora eta behera, oso ondo mantentzen diren eraikinez gozatzen. Gaur egun ere ez
dakite oso ondo tokia zergatik eta nola sortu zen. Espainiar kolonizatzaileek
ez zekiten existitzen zenik eta 1911.
urtera arte mundu zabalean ez zen ezagutu.
Aguas Calientes
herrixkatik Urubambara buelta
trenbidetik egin dugu. Zazpi orduz trenbide ondotik oinez bailara eder batetik.
Bailaran zehar ezagunak ez diren Inken garaiko hainbat aztarna topatu
ditugu eta horien artean Inkek
landatzeko eraiki eta gaur egun oraindik erabiltzen diren harrizko terraza
ugari dago.
Urubambara iritsi
aurretik Ollantaytambo herrixkan
geldialditxoa egin dugu. Garai bateko harrizko kale ikusgarriak zutik diraute
bertan, emakumeen jantzi eta txano koloretsuak baita ere.
Urubamban Julia eta Diegorekin oso gustura egon gara. Julia Leongoa da eta Diego perutarra. Bizikleta bidaiaria, Julia, Espainiatik Perura
etorri zen lanera eta irakasle bezala dabil. Berri Txarrak zalea denez musika trukean ere ibili gara. Eskerrik asko
eta… ikusi arte!
Bailara Sakratutik irteteko
trenbide ondotik doan bigarren mailako bide bat hartu dugu. Obretan dabiltza
eta tokiren batean, errepide ondoko harri eta lurrezko hormak ikusita, ahal
bezain azkar pasa gara.
Errepide nagusira irten aurretik
herrixketan dantzariak topatu ditugu ospakizunetan.
Paisaia zabalez inguratuak iritsi gara Cuzcotik Limarantz doan errepide nagusira, denbora luzez ikusiko ez ditugun
pasaia zabalak.
Salkantay (6.271m) mendiaren abisua
jaso dugu eta, behin eta berriz, puntaren puntatik bailara sakonetara eramango
gaituen bideari ekin diogu. Behin eta berriz pazientzia handia eskatuko digun
bidea. Hanka eta buru indartsuak beharko ditugu.
Curahuasi herrian
kanpatzeko toki berezia topatu dugu: Coliseo
de Gallos. Oilarren arteko borrokak egiten dituzte bertan eta harrituta
utzi gaitu tokiak, benetako estadioa da. Oraindik ez da borroken sasoia hasi
eta gu, lasai asko lo egin ostean, gosaria prestatzen gabiltza.
Ibilbidearen gogortasunari aurre egiteko
onena jendearen laguntza izan da. Nonahi eta noiznahi eskaini digute jatekoa,
lotarako txokoren bat egin… emakume hauek patata jasotzen dabiltza eta
bazkalordua denez beraiekin eseri eta bazkaltzera gonbidatu gaituzte.
Concepcion andereak, Tambo herrixkan, humitak prestatu eta
gosaltzera gonbidatu gaitu.
Totorabamba herrian Victor Puma eta bere familiak etxe
ondoan kanpatzeko txokoa egin eta elkarrekin afaldu eta gosaldu dugu.
Bailaran gora eta behera sigi-saga gogor
doaz egunak. Gezurra dirudi han behetik gatozenik baina halaxe da.
Egunak joan egunak etorri desnibelak
metatzen doaz. Hauxe da gure eguneroko ogia: astelehena 1.480 metro gora,
asteartea 1.660 metro, asteazkena 1.130…
Suge formako errepideak
Txundigarriena egun berean topatzen
ditugun kontraste bortitzak dira. 4.000 metro inguruan egotetik 2.000 metro
ingura pasatu gaitezke. Goialdean, fresko, inguruan eukalipto zuhaitzak eta
arto, patata eta kinoa landak.
Mendatea pasa eta beherantz goazen heinean
gauzak aldatzen doaz.
Behealdean, bero, erreka ondoan giroa
tropikala da eta inguruan kaktusak eta tuna
eta tumbo bezalako fruta exotikoak. Okerrena altuera galtzearekin agertzen diren eltxo madarikatuen ziztadak dira...
Gora behera neketsu honetan, Ayacucho hirira iritsi aurretik, 4.300
metroraino igo gara Toqto mendatea
zeharkatzeko. Aspaldiko partez goi lautada topatu dugu eta bertan aspaldiko
lagun batzuk, bikuinak .
Ayacucho hiri atseginean
atseden eguna izan dugu eta asko gustatu zaigu hiria. Cuzcon bezala, hemen ere,
kolonia garaiko etxe eta eliza ugari ikus daitezke baina, Cuzco ez bezala, hau ez dago turismo masiboari begira. Ia
turismorik gabe benetako hiri perutarra da.
Atsedentxoa hartuta Ayacucho eta Huancayo
hiriak lotzen dituen bideari ekin diogu eta sekulako ezusteko polita izan dugu.
Mantaro errekaraino jaitsi eta honen
ondotik bailara estu eta eder batetik doa errepidea. Errekaren altzoan asko
estutzen da errepidea eta auto bakarrarentzat besterik ez dago tokia. Batzuetan
beldurgarria da arriskua. Orduan pentsatzen dugu zeinen zortekoak garen
autobusez beharrean bizikletaz bidaiatzen dugulako.
Machacuay herrixkako
eskolan tokia egin digute gauean eta bertako gazteekin boleibolean jolasten
ibili gara. Nekatuak egon arren ezin ezetzik esan…
Huancayo hirira
iristen gaudela Purisima
amabirjinaren bedeinkazioa jaso dugu. Guk, halere, nahiago dugu perutarren
bedeinkazioa. Bidean goazela askotan oihukatzen digute “GRINGO!”. Gehienetan
inolako zentzu txarrik gabe baina, egia esan, ez zaigu oso atsegina egiten.
Askoz atseginagoa egiten zaigu “BIDAIA
ON!” esaten digutenean. Orain arte ez digute hainbestean esan eta Perun, aldiz, askotan deseatzen digute
eta hau bai, hau barruraino iristen zaigu.
Baina ibilbide honetan eta, seguruenik,
bidaia honetan izan dugun momenturik eder eta berezienetakoa Andahuaylas herrian bizi izan dugu.
Hantxe, mapan bakarrik ikusten genuen herri honetan, AITOR eta EVErekin
elkartu gara (cyclotherapy).
Sekulakoa izan da bizikletaz bidaiatzen hainbeste denbora daramaten lagun
hauekin bidean elkartzea eta bi egunez elkarrekin gozatzea. Izugarria da bikote
honen alaitasuna eta harrituta geratu gara zeinen antzekoak garen ikusita.
Bizikletaz bidaiatzeko modu asko daude baina inoiz ez dugu hain antzeko jendea
topatu. Lagunarteko bi egun ahaztezin izan dira. Eskerrik asko LAGUNAK eta
bidean berriz elkartuko gara. BIBA ZUEK!!!
IBILBIDEA - RUTA
Kabroiak, emozionatu egin naiz azken argazkia ikusterakoan...
ResponderEliminarSegi disfrutatzen maitiak!
Aupa pana!!! Urrun egon arren gurekin zaude, asko gogoratzen gara zurekin. Aitor eta Eve mundialak dira! Oporrak eta bizikleta hartu eta gozatzera. Besarkada bat eta laster arte.
ResponderEliminarAupa bikoteeee!!!betiko moduen kontu eta argazki earrak!!!sinistu be ezin dot zelan pasau dan denporie.....zuentzako be halan izengo dalakoan nau...emon egurre ta eurrera lagunak!!ta ez ahaztu, malda bakoitzaren atzien sorpresa barri bat itxaroten dekozuela...hori bai bizi-poza!
ResponderEliminarbesarkada handi bana!
Eskerrik asko Eneko! Arrazoia duzu, sorpresak ez dira bukatzen eta izugarri gozatzen ari gara. Esango diguzu nora zoazen hurrengo bizikleta bidaia. Besarkada estua eta laster arte
EliminarHasta la victoria siempre!!!!!! :)
ResponderEliminarDisfrutatu iparraldea eta Ecuador, hurrengo arte txapeldunak!