SUAREN LURRALDEAN
Puerto Natalesen atseden hartzeaz gain
txirrindulari gehiago ezagutu dugu. Unai eta Maria euskaldunak gure aurretik
dabiltza hegoalderako bidean (suarenbila.wordpress.com) eta Ishbel eskoziarra
iparralderantz doa. Benetan jende jatorra, biba zuek!
Puerto Natalesetik Punta Arenas hirirako
bidean lagun berriren bat egin dugu, kasu honetan Chingue edo Zorrillo
Magallanicoa.
Patagoniako ardia oso ezaguna da eta
inguruan milaka ikus daitezke. Villa Tehuelches herrixkara iristen geundela orain
arte ikusitako artalderik handiena topatu dugu. Bost gautxo txakurren laguntzaz
10.000 ardi gobernatzen!
Hegoalderako bidean gure azken herri kontinentala
Punta Arenas hiria da.
1848an sortua gaur egun 124.000 biztanle
ditu. Magallanes itsasartean kokaturik, estrategikoki eta merkataritzarako toki
oso garrantzizkoa da txiletarrentzat.
Kontinentea utzi eta Tierra de Fuegora
pasatzeko bizikletak itsasontzian sartu eta Magallanes itsasartea igaro dugu.
1520an Fernao de Magalhaes portugaldar esploratzailea izan zen itsasartea igaro
zuen lehen europarra eta hortik jaso du izena.
Tierra de Fuego irlei izena esploratzaile
portugaldarrak eman zien. “Tierra de los fuegos” deitu zion lur honi bere itsasontzitik bertan
bizi zen Selkam herri nomadak piztutako suak ikusi zituenean.
Porvenir herrian utzi gaitu itsasontziak,
Tierra de Fuegorako gure atea.
XIX. mende hasieran Europatik eta Txileko
Chiloe irlatik etorkin asko etorri zen hona urrearen sukarrak erakarrita. Gaur
egun oraindik ikus daitezke urrea bilatzeko erabiltzen zituzten makina
zaharrak.
Gogoz ekin diogu itsasertzeko bideari.
Ripiozko bidea den arren, haizea alde eta
trafiko gutxirekin erraz egin ditugu kilometroak.
Bidean ez dago herririk, noizean behin
estantziaren bat eta bat-batean, ezerezaren erdian, bidegurutze bat. Hortxe topatu
dugu txirrindulariek aterpe bezala erabili ohi dugun bus geltokia. Toki
zoragarria guretzat.
Bidegurutzean, ekialdera doan bide nagusia
utzi eta kostaldetik doan bidea hartu dugu pixkanaka Bahía Inútil badian
murgilduz.
Bide nagusiak San Sebastianen gurutzatzen
du Txile eta Argentina arteko muga baina guk, topatu ditugun txirrindulari
batzuen gomendioak jarraituz, Bellavista ibaian dagoen muga gurutzatzea erabaki
dugu. Urtarrilaren 21ean ireki zuten hegoaldeko muga hau eta martxoa edo
apirilera arte egoten da irekita, ibaiaren ur emariaren arabera.
Bidegurutzetik kilometro gutxira, Inútil badian, lagun berria: Pinguino Erregea.
Pinguinoetan bigarren espezierik handiena
da, Pinguino Enperadorea da handiena. Ehun bat pinguino daude kolonia honetan
eta gustura, luze egon gara animalia jator hauei begira.
Oso txukunak dira eta garbi mantentzen
dute gorputza.
Pinguinoak agurtu eta itsasertzetik jarraitu
dugu Cameron estantziara iritsi arte. Hor utzi dugu Inútil badia eta ekialderako
bidea hartu dugu irlaren erdialderantz.
Orokorrean eguraldi atsegina izan badugu
ere, euriak ere harrapatu gaitu. Goiz euritsu batean, babes bila, Rio Grande
estantziako atea jo dugu.
Yolandak atea ireki eta aterpea eskaini
digu. Toki paregabea egun euritsua pasatzeko. Hurrengo goizean, agurtu
aurretik, ogi egin berria opari.
Rio Grande ibaiaren ondoan dago estantzia.
Ibai hau ezaguna da arrantzaleen artean eta mundu guztiko arrantzaleak sekulako
dirutza ordainduta inguruko ibaietara hurbiltzen dira tamaina handiko
amuarrainak arrantzatzera.
Txile utzi eta Argentinara pasa aurretik Lago
Blanco ezagutzeko aukera izan dugu. Panpa soila utzi eta bat-bateko aldaketa
suposatu digu basoz inguraturiko lakura iristeak.
Laku ondoan kanpatzea zoragarria izan da.
Suzko zerua suaren lurraldean.
Basoa atzean utzi, Bellavista ibaia pasa
eta guanaco artean berriz ere Argentinan gaude.
Jose Menendez estantzian kanpin-denda
jartzeko txokoa egin digutenez estantzia ezagutzeko aukera izan dugu.
1893an sortua, artilea da etxalde honetako
produkzioaren oinarria. Garai batean sekulako indarra izan zuen baina gaur egun
artileak ez du garai bateko garrantzia eta estantziak berak ere produkzioa
izugarri jaitsi du.
“Galpon de esquila”n ardiei ilea mozten
diete eta nahiz eta gaur egun makina berriagoak erabili garai bateko makina
zaharra gordeta dute.
Jose Mendez estantziak badu bere alde
iluna Selkam herriaren sarraskiarekin oso lotuta egon baitzen. Abeltzaintzaren
etorrerarekin Selkam herriaren desagertzea etorri zen, akabatu egin zituzten.
Hiltzaile bortitzena Alexander MacLennan eskoziarra izan zen. Honek, Jose
Menendezentzat lan egiten zuen eta bere aginduak jarraituz hilketa asko burutu zituen.
Panpa zabala apainduz, han-hemenka,
errekak sigi-saga.
Patagonia osoan bezala gautxoarentzat
berebiziko garrantzia du zaldiak.
Yehuin lakurako bidean Tierra de Fuegoko
mendietara hurbiltzen hasi gara.
Bidean beste opari bat: Mariela eta
Claudio. Laku ertzean duten etxetxora gonbidatu eta bertan ohe gozoa eta afari
goxoa eskaini dizkigute. Afalaurretik txakurrak hartu eta Yehuin laku ertzera
hurbildu gara.
Hori bai, onena beraiekin solasean aritzea
izan da. Horrelako jende maitagarria ezagutzeak biderik gogorrena ere
konpentsatzen du. Argentina hobe ezagutzeko aukera eman digute. Eskerrik asko
bioi!
Loreek apaindutako bidetik autoz jositako
errepidean sartu gara. Bigarren mailako bidea utzi eta errepide nagusira
iristea zaplazteko bat jasotzea bezalakoa izan da.
Argentinarrentzat asteburu luzea da,
astelehena eta asteartea jai, eta errepidean nabaritu dugu. Autoak ziztu bizian
etengabe, batzuk gertuegi pasatzen… eskerrak azkar asko iritsi garen Toulhin
herrira! Fagnano lakuaren ertzean kokatua dago herria eta Ushuaiara doan
txirrindulariarentzat ezinbesteko geltokia da.
Bertan dago La Unión okindegia eta doako ostatua
eskaintzen dute txirrindulariontzako.
Bi egun eman ditugu bertan jaiegunak pasa
arte. Okindegiko lana ezagutu eta, nola ez, gozatu. Gozozaleen paradisuan, lepo
jarri gara!
Polita da txirrindulariok hormetan
utzitako arrastoak irakurtzea. Okindegi atzean dagoen logelan mundu osoko
bizikleta bidariek lo egin dute.
Oraingoan bost txirrindulari elkartu gara:
Deja estatubatuarra, Francisco brasildarra, Sebastian alemaniarra eta bi
euskaldunak. Asado ederra prestatu digu Franciscok!
Trafiko askoz lasaiagoarekin egin ditugu
Ushuaiara geratzen zaizkigun bi egunak. Lago Escondido ertzean pasa dugu azken
gaua Franciskorekin batera.
Baina azken egunean, Garaibaldi azken
mendatea igo eta jaitsieran sekulako euri zaparradak harrapatu gaitu. Estalpean
mokadutxo bat hartzeko geldialditxoa egin eta
bustita, hotzez baina pozaren pozez…
iritsi gara Ushuaiara! Hemen gara, BIBA!!!
IBILBIDEA (klikatu izenean)
Aupa zuek!!!
ResponderEliminarZORIONAK!!
Eskerrik asko animoengatik familia! Ushuaitik muxu bana
EliminarIt´s the end of the world!!! (As we know it).
ResponderEliminarZiuraski berriro errepidera bueltatzeko gogoekin izango zarete jada, ezta??
Milesker urrutiko eskualde horietako argazki eta kronika ederrak eskeintzeagatik.
Keep on rockin!!
Eeeeeez hemen ez da ezer bukatzen, dena norabide kontua da, gauzak nondik begiratzen diren... Orain kamioi, autobus, auto... dena delakoan Argentina iparraldera goaz han berriro bizikletari ekiteko gogoekin.
EliminarKeep on riding!!
Ederra izan da zuekin bidaiaren zati bat konpartitzea. Ea hurrengoa noiz eta non den.
ResponderEliminarSegi argazki ederrak sartzen. Horrela etxetik bidaiatuko dugu zuekin.
Ametsak egi bihurtzen ditugulako
Besarkada handi bat