domingo, 5 de junio de 2016

PERUKO SIGI SAGAN GORA ETA BEHERA

Cuzco hiri dotoreaz gozatzen eman ditugu hiru egun. Harrizko kaleetan barna  etxe kolonialez eta Cuzkoko biztanleez inguratuta paseatzea oso atsegina da. Hori bai, hemen ere ez da maldarik falta.




Perura sartu ginenetik harritu gaituen gauzetariko bat Labezomorro modeloko autoak dira. Asko ikusten dira eta oso ongi zainduak.


Eta Cuzcotik utzi aurretik euskaldunen arteko topaketa izan dugu. La Estrellita ostatuan Jon eta Miren hondarribiarrekin eta Beñat gasteiztarrarekin elkartu gara. Jon eta Miren motxilak hartuta Hegoamerikan zehar bidaiatzen dabiltza eta Beñat, berriz, boluntario lanak egiten dabil Peruko mendialdeko bi eskolatan. Gustura egon gara elkarrekin afaltzen kontu-kontari eta bizikletaz bidatzen hasteko  berotu ditugu… laster arte!


Bizikletak hartu eta bagoaz Cuzcotik gertu dagoen Bailara Sakratura. Pisac herrian, berriz ere Vilcanota errekaren ertzean, bat egin dugu Inken aztarnaz josia dagoen bailararekin.


Bertan dago Urubamba herria eta hortxe, txirrindularioi ostatua eskaintzen digun Warmshowers plataformaren bitartez harremanean jarrita,  Julia eta Diegoren etxean utzi ditugu gure traste guztiak Machu Picchurantz abiatzeko. Autobusez iritsi gara Santa Maria herrixkara, hortik autoz Santa Teresara, beste auto bat Hidroelektrikara eta azkenik, bi ordu oinez trenbide ondotik  ibili ostean, iritsi gara turismoaren itzalean sortu den Aguas Calientes herri  itsusira.


Hauxe da Aguas Calientesera iristeko bide merkea. Beste aukera ehundik gora euro ordaindu eta Cuzcotik zuzenean trenez iristea da… ez da gure aukera.


Ainhoaren urtebetetzea ospatzeko afari oparoa eta, nola ez, urtebetetze tarta.


Goizeko bostak dira eta Aguas Calientesen eta sekulako ilara sortu da dagoeneko herrixkatik Machu Picchuko aztarnetara igotzen diren autobusen zain.


Umetatik, abenturazko komikietan irakurrita, toki zoragarri hau ezagutzearen ametsa izan du Koldok eta azkenean hemen gara. Turistez beteta egon arren txundituta uzten zaituen tokia da. Aztarnak ederrak dira, baina guri gehien txunditu gaituena tokia non kokatua dagoen ikustea da. Mendi puntan,mendiz inguratua, nola demontre eraiki zuten?


Aztarnen ondoan dagoen mendira igo gara lehendabizi eta goizeko lainoen artean jolasean agertzen eta desagertzen zaigu Machu Picchu.


Hainbestetan ikusi dugun irudia aurrez aurre dugu eta momentua oso berezia da.


Egun osoa eman dugu lasai, aztarnategitik gora eta behera, oso ondo mantentzen diren eraikinez gozatzen. Gaur egun ere ez dakite oso ondo tokia zergatik eta nola sortu zen. Espainiar kolonizatzaileek ez zekiten existitzen zenik  eta 1911. urtera arte mundu zabalean ez zen ezagutu.


Aguas Calientes herrixkatik Urubambara buelta trenbidetik egin dugu. Zazpi orduz trenbide ondotik  oinez bailara eder batetik.



Bailaran zehar ezagunak ez diren Inken garaiko hainbat aztarna topatu ditugu eta horien artean Inkek landatzeko eraiki eta gaur egun oraindik erabiltzen diren harrizko terraza ugari dago.


Urubambara iritsi aurretik Ollantaytambo herrixkan geldialditxoa egin dugu. Garai bateko harrizko kale ikusgarriak zutik diraute bertan, emakumeen jantzi eta txano koloretsuak baita ere.


Urubamban Julia eta Diegorekin oso gustura egon gara. Julia Leongoa da eta Diego perutarra. Bizikleta bidaiaria, Julia, Espainiatik Perura etorri zen lanera eta irakasle bezala dabil. Berri Txarrak zalea denez  musika trukean ere ibili gara. Eskerrik asko eta… ikusi arte!


Bailara Sakratutik irteteko trenbide ondotik doan bigarren mailako bide bat hartu dugu. Obretan dabiltza eta tokiren batean, errepide ondoko harri eta lurrezko hormak ikusita, ahal bezain azkar pasa gara.


Errepide nagusira irten aurretik herrixketan dantzariak topatu ditugu ospakizunetan.


Paisaia zabalez inguratuak iritsi gara Cuzcotik Limarantz doan errepide nagusira, denbora luzez ikusiko ez ditugun pasaia zabalak.


Salkantay (6.271m) mendiaren abisua jaso dugu eta, behin eta berriz, puntaren puntatik bailara sakonetara eramango gaituen bideari ekin diogu. Behin eta berriz pazientzia handia eskatuko digun bidea. Hanka eta buru indartsuak beharko ditugu.



Curahuasi herrian kanpatzeko toki berezia topatu dugu: Coliseo de Gallos. Oilarren arteko borrokak egiten dituzte bertan eta harrituta utzi gaitu tokiak, benetako estadioa da. Oraindik ez da borroken sasoia hasi eta gu, lasai asko lo egin ostean, gosaria prestatzen gabiltza.


Ibilbidearen gogortasunari aurre egiteko onena jendearen laguntza izan da. Nonahi eta noiznahi eskaini digute jatekoa, lotarako txokoren bat egin… emakume hauek patata jasotzen dabiltza eta bazkalordua denez beraiekin eseri eta bazkaltzera gonbidatu gaituzte.


Concepcion andereak, Tambo herrixkan, humitak prestatu eta gosaltzera gonbidatu gaitu.


Totorabamba herrian Victor Puma eta bere familiak etxe ondoan kanpatzeko txokoa egin eta elkarrekin afaldu eta gosaldu dugu.


Bailaran gora eta behera sigi-saga gogor doaz egunak. Gezurra dirudi han behetik gatozenik baina halaxe da.


Egunak joan egunak etorri desnibelak metatzen doaz. Hauxe da gure eguneroko ogia: astelehena 1.480 metro gora, asteartea 1.660 metro, asteazkena 1.130…


Suge formako errepideak


Txundigarriena egun berean topatzen ditugun kontraste bortitzak dira. 4.000 metro inguruan egotetik 2.000 metro ingura pasatu gaitezke. Goialdean, fresko, inguruan eukalipto zuhaitzak eta arto, patata eta kinoa landak.





Mendatea pasa eta beherantz goazen heinean gauzak aldatzen doaz.


Behealdean, bero, erreka ondoan giroa tropikala da eta inguruan kaktusak eta tuna eta tumbo bezalako fruta exotikoak. Okerrena altuera galtzearekin agertzen diren eltxo madarikatuen ziztadak dira...




Gora behera neketsu honetan, Ayacucho hirira iritsi aurretik, 4.300 metroraino igo gara Toqto mendatea zeharkatzeko. Aspaldiko partez goi lautada topatu dugu eta bertan aspaldiko lagun batzuk, bikuinak .



Ayacucho hiri atseginean atseden eguna izan dugu eta asko gustatu zaigu hiria. Cuzcon bezala,  hemen ere, kolonia garaiko etxe eta eliza ugari ikus daitezke baina, Cuzco ez bezala, hau ez dago turismo masiboari begira. Ia turismorik gabe benetako hiri perutarra da.



Atsedentxoa hartuta Ayacucho eta Huancayo hiriak lotzen dituen bideari ekin diogu eta sekulako ezusteko polita izan dugu. Mantaro errekaraino jaitsi eta honen ondotik bailara estu eta eder batetik doa errepidea. Errekaren altzoan asko estutzen da errepidea eta auto bakarrarentzat besterik ez dago tokia. Batzuetan beldurgarria da arriskua. Orduan pentsatzen dugu zeinen zortekoak garen autobusez beharrean bizikletaz bidaiatzen dugulako.



Machacuay herrixkako eskolan tokia egin digute gauean eta bertako gazteekin boleibolean jolasten ibili gara. Nekatuak egon arren ezin ezetzik esan…


Huancayo hirira iristen gaudela Purisima amabirjinaren bedeinkazioa jaso dugu. Guk, halere, nahiago dugu perutarren bedeinkazioa. Bidean goazela askotan oihukatzen digute “GRINGO!”. Gehienetan inolako zentzu txarrik gabe baina, egia esan, ez zaigu oso atsegina egiten. Askoz atseginagoa egiten zaigu  “BIDAIA ON!” esaten digutenean. Orain arte ez digute hainbestean esan eta Perun, aldiz, askotan deseatzen digute eta hau bai, hau barruraino iristen zaigu.


Baina ibilbide honetan eta, seguruenik, bidaia honetan izan dugun momenturik eder eta berezienetakoa Andahuaylas herrian bizi izan dugu. Hantxe, mapan bakarrik ikusten genuen herri honetan, AITOR eta EVErekin elkartu gara (cyclotherapy). Sekulakoa izan da bizikletaz bidaiatzen hainbeste denbora daramaten lagun hauekin bidean elkartzea eta bi egunez elkarrekin gozatzea. Izugarria da bikote honen alaitasuna eta harrituta geratu gara zeinen antzekoak garen ikusita. Bizikletaz bidaiatzeko modu asko daude baina inoiz ez dugu hain antzeko jendea topatu. Lagunarteko bi egun ahaztezin izan dira. Eskerrik asko LAGUNAK eta bidean berriz elkartuko gara. BIBA ZUEK!!!



IBILBIDEA - RUTA

5 comentarios:

  1. Kabroiak, emozionatu egin naiz azken argazkia ikusterakoan...
    Segi disfrutatzen maitiak!

    ResponderEliminar
  2. Aupa pana!!! Urrun egon arren gurekin zaude, asko gogoratzen gara zurekin. Aitor eta Eve mundialak dira! Oporrak eta bizikleta hartu eta gozatzera. Besarkada bat eta laster arte.

    ResponderEliminar
  3. Aupa bikoteeee!!!betiko moduen kontu eta argazki earrak!!!sinistu be ezin dot zelan pasau dan denporie.....zuentzako be halan izengo dalakoan nau...emon egurre ta eurrera lagunak!!ta ez ahaztu, malda bakoitzaren atzien sorpresa barri bat itxaroten dekozuela...hori bai bizi-poza!
    besarkada handi bana!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Eskerrik asko Eneko! Arrazoia duzu, sorpresak ez dira bukatzen eta izugarri gozatzen ari gara. Esango diguzu nora zoazen hurrengo bizikleta bidaia. Besarkada estua eta laster arte

      Eliminar
  4. Hasta la victoria siempre!!!!!! :)
    Disfrutatu iparraldea eta Ecuador, hurrengo arte txapeldunak!

    ResponderEliminar