domingo, 20 de diciembre de 2015

MENDI TRUMOITSUTIK ERREPIDE AUSTRALERA

Barilochen, Estebanen etxean, atseden eguna izan dugu eta primeran zaindu gaitu gure lagun maputxe-euskaldunak. Euskarazko hitzekin eman digu ongietorria eta euskara ikasteari ekin dio. Etxeko ateak zabaldu dizkigu, argazki kamerarekin izandako arazo bat konpontzen lagundu eta hain ezaguna den Barilocheko txokolatea eskani… zinez ona zegoen. Egun bat gehiago geldituz gero Koldok kutxa bukatuko du (erdia jan du jada).



Eguraldi bikainarekin eta lakuz laku agur esan diogu Barilocheri eta gure hurrengo helburura hurbildu gara: Tronador mendia (3.478m).




Mascardi laku ondoan bizikletak utzi eta Pampa Lindatik Otto Meiling aterpera oinez hurbildu gara han gaua pasatzeko asmoz. Zoragarriak ibilbidean aurkitu daitezkeen bistak.


Tronador mendia glaziarrez inguratua dago eta aterperako bidean Castano Overa bikain ikus daiteke goian mendiaren puntak dituela.


Bidearen azken zatian elur dezente topatu dugu eta oinak bustita eta oso pozik iritsi gara 1.885 metroan dagoen Otto Meiling aterpera.



Bi glaziarren artean kokatua sekulako paisaiaz goza daiteke bertatik.


Gaua aterpean pasa eta hurrengo egunean atzo igotako bide beretik beherantz goaz. Behetik glaziarraren behealdea ikusteko aukera dago zirku eder batean. Izotz pusketa erraldoiak urezko marra finak isurtzen ditu horman behera.


Mendi hau begientzat ikusgarria izateaz gain belarrientzat ere zoragarria da. Mendia inguratzen duten izotz puskak apurtzen doaz pixkanaka eta apurtzen direnean trumoien soinua entzun daiteke. Hortik Tronador izena. Askotan entzun daiteke soinua eta batzuetan, argazkian bezala, soinua entzutearekin batera glaziarretik izotz puskak erortzen ikus daitezke.


Espektakuluarekin liluratuta iritsi gara berriz gure bizikleten albora.

Inguru hauetako laku ugarietan arrantzale asko topa daiteke. Arrantzarako amu bezala eulia erabili behar da eta arrantzatutako arraina bizirik bueltatu uretara.


Bizikletan bidaiatzen zabiltzala bidaiari asko topatzen dituzu bidean, horietako asko oso bitxiak. Kasu honetan, El Bolsonera iristen, Venezuelako Lesterrekin topo egin dugu. Bizikletari atzealdean karrotxo bat gehitu dio eta hortxe daramatza surferako bi ohol: Txirrindulari-surfalaria.


Azkenaldian egin dugun lagun berri bat aurkeztuko dizuegu jarraian: Bandurria moko-luzedun hegaztia. Goiz askotan iratzargailu lanak egiten dizkigu jator asko.


Villa Lago Rivadavia herrixka politean gau haizetsua pasa eta Los Alerces Natur Parkera sartu gara.


Natur Parke hau gurutzatzen bi egun eman ditugu, poliki, baso, mendi, ibai eta lakuez gozatuz.



Futalaufquen laku ondoan  gaua pasa eta honen ertzetik natur parkearen bukaerara iritsi gara.


Haizeak gogor jotzen du  eta olatuak ikusita askotan aurrean duguna itsasoa dela dirudi.


Los Alerces utzi eta segidan larre berdez inguraturiko Trevelin herrira iritsi gara. Trevelin izenak errotaren herria esan nahi du galesez.


Herri hau galestar kolonia batek sortu zuen. XIX. mendearen bukaeran hurbildu ziren hona Europa zaharra utzi eta bizitza berri bati ekiteko eta hasierako biztanleen arrastoa bizi-bizirik dago herrian.


Gaur egun ere, eliza zaharrean, Gales hizkuntza ikasteko eskolak ematen dira eta bizirik dirau hemen ere, Gales herrialdetik hain urrun egonagatik.


Trevelin herritik mendebalderako norabidea hartu dugu mendilerroa pasa eta berriz ere Txilera sartzeko.


Argazkietan agertzea zaila den arren, sekulako haizea izan dugu mendebaldetik gogor. Pedalkadak zaildu, hondarra aurpegira, ufada bortitzei aurre eginez iritsi gara Txileko mugara. Banderak trapu bihurtzen ditu haizeak hemen.


Muga pasa bezain pronto Futalefu herrixka politak eta Futalefu errekak eman digute ongietorria Txilera. Berde koloreko erreka eder honetara jendea raftingean aritzera hurbiltzen da.



Ibai ondotik gora eta behera Villa Santa Luciara iritsi gara. Hortxe bat egin dugu “Carretera Austral” sonatuarekin. Bertan gara!


Errepide Australak (Ruta 7) Puerto Montt hiria iparraldean eta Villa O’Higgins herria hegoaldean lotzen ditu eta 1.200 kilometroko luzera du gutxi gora behera. Garai batean, hegoaldeko eremu askotara  itsasontziz edo hegazkinez bakarrik iritsi zitekeen eta proiektu honekin lurrez lotzeko xedea zegoen. Oraindik guztiz amaitu gabe badago ere,  errepidearen inguruko paisaiek eta trafiko eskasak erakarrita, ibilbide ezaguna bilakatu da txirrindularien artean.


Ibilbide oso gorabeheratsuan zati gogorrei aurre egin behar izan diegu.


Eta, nola ez, Errepide Australera ongi etorria lainoek eta euriak eman digute. Errepidea ezaguna da baita ere oso euritsua delako.



Egun euritsu bat probestu dugu atseden egun bat egin eta etxerako lanak egiteko. 5.000 km egin ditugu jada hasi ginenetik eta, gure gurpiletako kubierten iraupena luzatzeko, aurreko kubierta atzera pasa dugu eta atzekoa aurrera. Ea beste 5.000 km irauten duten!


Errepidea toki batzuetan asfaltatuta dago, beste batzuetan asfaltorik gabe eta beste batzuetan erdizka.


Puyuhuapi herrixkara iristen geundela ura ikusi dugu herri ertzean. Orain arte bezala herri ondoko laku bat dirudien arren, oraingoan ez, oraingoan itsasoa da. Irlaz irla, zirrikituz zirrikitu, Pazifiko ozeanoak  Puyuhuapi fiordoa sortzen du herri ertzeraino iritsiz.


Bitxia da, itsasoak diruditen lakuak ikusi ditugu eta oraingoan, lakua dirudien itsasoa dugu ondoan.


Errepidetik oso gertu, Queulat Parke Nazionalean, beste altxor bat ikusteko parada dugu: “Ventisquero Colgante”. Glaziar erraldoia zintzilik.


Bertatik isurtzen den urak daukan sedimentuak behealdean duen “Laguna Tempanos”i kolore sinestezina ematen dio.


Eguraldi hobearekin hegoalderantz jarraitu dugu bide ertzeko lore moreen ondotik kolore aldaketekin gozatzen.



Txilen gustatzen ez zaigun gauzetariko bat inguruan topatzen ditugun hesiak dira. Dena dago hesituta: errepideen ertzak, zelaiak, erreken ertzak…  eta askotan oso zaila egiten zaigu gure denda jartzeko toki aproposa aurkitzea. Coyhaique hirira iritsi aurretik, Villa Ortega herrixkan, familia batek beraien lur eremuan kanpaldia antolatzeko baimena eman zigun.


Eta horrelaxe, maldan gora eta maldan behera iritsi gara Simpson ibaiaren ondoan dagoen Coyhaique hirira, 45.000 biztanlerekin,  Aysen erregioko hiriburua.



Guk pare bat egun pasako ditugu hemen Santo Tomas eguna behar bezala ospatzeko. Ea txistorrarik topatzen dugun!

IBILBIDEA (klikatu izenean)

1 comentario:

  1. EguberriON bikote!!!!!!!!!!!!!!! pozten gara ondo zabiltzatela ikusteaz. Paisai eta glaziar horiek gezurretazkoeak edo fantasiazko mundu batekoak direla dirudite.

    Ondo jarraitu eta urteberri on!!!!!

    Iñigo

    ResponderEliminar