jueves, 31 de agosto de 2017

MUNDUA BIZIKLETAZ AMERIKAN

2012an hasi eta 2013an bukatu zen Asian barrena eginiko urtebeteko bizikleta-bidaia. Etxera bueltatu baginen ere, gure buruak ez zeuden lasai, Asian bizitakoa Amerikara luzatzeko beharra sentitzen genuen. Horregatik, barruak bultzatuta, Hego Amerikara jo genuen bizikletaz beste urtebetez bidaiatzera.

2015eko udan Buenos Airesera hegan egin eta Argentinako hiriburuan hasitako bidaia 2016ko abuztuan bukatu genuen Ekuadorreko hiriburuan, Quiton. Bi zati izan ditu bidaiak. Lehenengoa, hegoalderantz, Buenos Airesen hasi eta Ushuaiaraino. Bigarrena, berriz, iparralderantz, Argentina iparraldean hasi eta Quitoraino.

Eskuinaldean aurkituko dituzue, banan bana, kronologikoki, ezagutu genituen inguruak: Argentina, Txile, Carretera Austral, Patagonia, Bolivia, Peru eta Ekuador.  Argazkietan klikatu eta bakoitzaren xehetasunak aurkituko dituzue.



miércoles, 14 de septiembre de 2016

AZKEN EGUNAK
(traducción al final de la entrada)

Quito ondoko Tumbaco herrian dago Santiago eta bere familiaren “Casa Ciclista”. Hantxe geratu dira gure bizikletak eta autobusez Ekuadorreko kostaldera jo dugu, Puerto Lopez herrira. Han, Pazifiko ozeanoaren ondoan, eman ditugu gure azken egunak. 





Atsedena hartzeaz eta bueltarako gure buruak prestatzeaz gain bagenuen bertara joateko pisuzko beste arrazoi bat. Pisu handiko arrazoia, tona askotako arrazoia: baleak. Bale Konkordunak Antartidatik Ekuadorreko kostaldera datoz garai honetan eta zinez ederra izan da eskaini diguten ikuskizuna. Merezi izan du Quitotik honaino gerturatzea.



BIZITZA HAU BAKARRA DELAKO
(traducción al final de la entrada)

2015eko irailaren 5a, Buenos Aires, Argentina. 2016ko abuztuaren 22a, Quito, Ekuador. Zenbat gauzek bete duten bi data eta bi toki horien arteko tartea. Atzera begiratu eta ezin dugu sinetsi bizitako guztia. Errealitateak fikzioa, amestutakoa, gainditu du beste behin. Argentina, Txile, Bolivia, Peru eta Ekuador. Izen horien artean zenbat pertsona, zenbat toki, zenbat bizipen. 



Baina bidaia hau Amerika baino askoz lehenago hasi zen bezala, Amerikatik harago joango da. Noraino? Ez dakigu. Bidaia bukatu ez denaren sentipena dugu. Etapa bat bukatu da baina gehiago egongo dira. Noiz? Non? Nola? Galdera horiek ez dute, oraingoz, erantzunik. Baina kantuan bezala, guk ere bizitza bakarra dela uste dugu eta aukera hau ezin dugula galdu, gure desirak, oraindik, habi abandonatuak baino, hegaz hasteko zain dauden txoriak direla. Eskerrik asko bidaia aurretik, bidaian eta bidaiaren ostean gurekin zaudeten guztioi. Zuek, gu bezala, bidaia hau zarete.

Azken hitzak Lorenzo Rojo “Lontxo” gasteiztar bizikleta-bidaiariari eskatu dizkiogu. 1997. urtetik munduan zehar bizikletaz bidaiatzen dabil eta laster argitaratuko duen liburuan agertuko diren hitzak dira. Gure sentipenek bat egiten dute.

Iraganera begiratu eta hura arbuiatu gabe “nahiago dut oraina” ateratzen zait zalantzarik gabe. Eta uste dut, gainera, beti izan dela horrela, beti garbiagoa unean uneko deia atzean utzitako egunetatik zetorrena baino. Geroa? Ez diot tankerarik hartzen, lanbroa da, baina hala-holako optimismo neurtu -- zalantzati-- batez noa lanbro horretarantz. 

Eta azken argazkia Tumbacoko Casa Ciclistan ateratakoa da, Santiagoren 95 urteko ama. Bizitzaz solasean aritu zaigu ete bizitakoak bizita argi ditu gauzak (guk ere) eta honela dio:

“la vida es linda, linda, linda”


ÚLTIMOS DÍAS

La Casa Ciclista de Santiago y su familia se encuentra en el pueblo de Tumbaco, cerca de Quito. Allí hemos dejado nuestras bicicletas para acercarnos en autobús al pueblo de Puerto López en la costa ecuatoriana.

Además de descansar y prepararnos para la vuelta a casa, teníamos otra razón de peso para ir hasta allí. Una razón de mucho peso, de muchas toneladas: las ballenas. Las Ballenas Jorobadas vienen desde la Antártida hasta la costa de Ecuador en esta época y nos han ofrecido un espectáculo increíble. Ha merecido la pena acercarnos dese Quito hasta aquí.

PORQUE ESTA VIDA ES ÚNICA 

5 de septiembre  de 2015, Buenos Aires, Argentina. 22 de agosto de 2016, Quito, Ecuador. Cuántas cosas han llenado el hueco entre esos dos lugares y esas dos fechas. Cuando echamos la vista atrás, no podemos creer todo lo vivido. La realidad, una vez más, ha superado la ficción, lo soñado. Argentina, Chile, Bolivia, Perú y Ecuador. Cuántas personas, cuántos lugares, cuántas vivencias detrás de esos nombres.

Pero este viaje empezó mucho  antes que América y llegará más lejos. ¿Hasta dónde? No lo sabemos. Sentimos que este viaje no ha terminado. Ha terminado esta etapa pero quedan más por delante. ¿Cuándo? ¿Dónde? ¿Cómo? Esas preguntas no tienen, por ahora, respuesta. Pero como dice la canción, nosotros también creemos que la vida es única y que no podemos dejar pasar esta oportunidad, que nuestros deseos todavía no son nidos abandonados, sino pájaros esperando emprender el vuelo. Muchísimas gracias a todos y todas las que estáis con nosotros antes, durante y después del viaje. Vosotras y vosotros también sois este viaje.

Las últimas palabras se las hemos pedido a Lorenzo Rojo “Lontxo”, cicloviajero de Gasteiz. Está en ruta desde 1997 viajando en bicicleta por todo el mundo y estas palabras aparecerán publicadas en el libro que publicará en breve. Reflejan muy bien lo que sentimos:

Miro al pasado y sin despreciarlo me sale sin dudar un “prefiero el presente”. Y creo, además, que siempre ha sido así, que siempre ha sido más clara la llamada del momento presente que la que venía del pasado. ¿El futuro? No lo veo con nitidez, es bruma, pero voy hacia esa bruma con un optimismo tibio y calculado -con dudas-

Y la última foto está sacada en la Casa Ciclista de Tumbaco. La madre de Santiago, con sus 95 años, nos ha hablado con una increíble lucidez de la vida y después de todo lo vivido tiene muy clara las cosas (nosotros también): 
“la vida es linda, linda, linda”

jueves, 18 de agosto de 2016

SUMENDI ARTEAN QUITORA

Cuencatik irteera ez da nahi genuen bezala joan. Euria goitik behera eta lainoa inguruan iritsi ginen Aguarongo Chico herrixkara eta iritsi bezala irten gara hurrengo goizean.



Eskerrak egunak aurrera egin duen heinean ingurua argitzen joan den eta hau izan den bustita ibili garen azken eguna. Hemendik aurrera eguraldiak hobera egin du Ekuadorren.



Alausi herritik Tixan herrirako bidean topatu ditugun aldapak ahaztezin horietakoak izan dira. Hortzak estuturik joan gara maldan gora.


Hori bai, barra energetiko merke eta onak ez zaizkigu falta Ekuadorren. Egunero bospasei  janez muskuluetako potasio maila ederki mantentzen dugu.


Bananak banana, infernuko aldapa horiek igo ostean Tixan herri politean geratzea erabaki dugu. Gaurkoz nahiko.



Guamote herrirako bidean dago Jose bere trizikloko zulatua konpontzen. Konponketan lagundu dugu eta prest dago berriz ere Guamotera joan eta galeper arrautzak saltzeko.


Riobambara iritsi aurretik Panamericana errepide nagusiari agur esan eta Chimborazo sumendiari bira ematen dion errepidea hartu dugu. Chimborazo, 6.267 metrorekin, Ekuadorreko gailurrik garaiena da. Bitxikeria bezala, sumendi honen punta lurraren erditik urrunen dagoen lurrazaleko puntua da. Hortaz, itsasoaren mailatik neurtu beharrean lurraren erditik neurtuko bagenitu tontorrak, hauxe izango litzateke munduko mendirik garaiena. Neurriak neurri, laino artean ezkutatua esnatu den arren pixkanaka agertzen hasi zaigu, jostari.


Bikuinak bezala, laino artean agertzen eta desagertzen da Chimborazo.


Azkenean, jolasteari utzi eta parez pare zoragarri biluztu zaigu.


4.410 metroraino iritsi garen arren haizearen bultzadak izugarri erraztu digu igoera. Inoiz ez gara hain erraz hain altu igo. Agertu zaigun bezala, laino artean, agurtu zaigu Chimborazo. Ederra.


Horrelako egun polita bukatzeko modu ezin hobea topatu dugu Kunugyakuko termetan, bertako biztanleekin batera, bainu epelaz gozatuz. Termak jendez hustu eta hantxe eman dugu gaua bakar bakarrik kanpatuta.


Hurrengo egunean, Antigua Via Flores bidetik behera, ia egunero bezala inguruko biztanleak lanerako bidean topatu ditugu eta horrelakoetan, gaur bezala, solasean aritzeko aukera politak suertatzen zaizkigu.


Ambato hirira iritsi eta inguru hauetan aurkitu daitezkeen sumendietako beste bat ikusteko aukera izan dugu urrunean:  Tungurahua sumendia (5.023m)


Ambatotik 15 kilometrora Marcoren eta Anaren etxean pasa ditugu bi egun eta, ordainean, patata tortilla pare bat egin ditugu afaltzeko. Aski goxoak!


Ekuadorren oso zabaldua dago boleibolaren aldaera berezi bat: Ecuavoley. Boleiboleko neurri bera duen zelai batean jolasten da baina hiru pertsonako taldeetan. Sarea boleibolean baino altuago dago eta futboleko baloi batekin jolasen da. Izugarrizko afizioa dago eta apusturik ez da falta.


Ambatoko lagunak agurtu eta maldan gora ekin diogu Quilotoa aintzirarako bideari.


Aintzirara gerturatzen gabiltzala inguruko herrixketan maskarak aurkitu ditugu salgai. Festa handietan erabiltzen dituzte horrelako maskarak eta kasu honetan turistentzat salgai dituzte.


Quilotoara Toachi errekaren eta honek irekitako arroilaren ondotik iritsi gara.



Nahiz eta aurretik argazkietan ikusita genuen, espero baina ikusgarriagoa iruditu zaigu Quilotoa aintzira. Uste genuena baino askoz handiagoa da (3 kilometroko zabalera) eta kolore berdeak are eta ederragoa egiten du. Sumendi baten kraterrean sortutako pertza erraldoia. Kraterraren goialdea 3.800 metroan dago eta aintzira, berriz, 3.500 metroan.


Gaua non eman pentsatzen hasi eta azkenean, haizearengandik ihesi, kraterretik behera doan bidetik jaitsi eta aintziraren ertzean kanpatzea erabaki dugu. Jaitsi garenean jende asko bazebilen ere, arratsaldeak aurrera egin duen heinean bakar bakarrik geratu gara eta gau lasaia izan dugu. Egun luze baten ostean ederki etorri da sumendiko uretan bainua.


Hurrengo goizean egun ona eman digu Quilotoak.


Aintzira agurtu eta maldan behera ziztu bizian hasi dugu eguna, herriz herri, inguruko paisaiaz gozatuz. Maldan behera goazenean politagoa ikusten da dena…


Iliniza sumendia gertu dugun arren ez da erraza laino artean ikustea.


Sigchos herria pasa eta kilometro gutxira berriz ere zerura begira jarri da errepidea. Aldapa luzea ez da bukatzen eta biharko utziko dugu mendatearen gailurra. Gaua pasatzeko toki bila hasi eta Rosak bere etxeko patioan tokia egin digu. Bideko gure azken familia izango da eta ez zaigu erraz ahaztuko. Hasierako mesfidantzak sortu dien hesia apurtu orduko sekulako momentu politak eskaini dizkiogu elkarri. Solasean, kontu kontari… Ekuadorreko mendialdeko familia askorentzat bezala behiak eta hauen esnea da familia honen diru-iturri nagusia. Egunean bitan jezten dituzte.


Elkarrekin afaldu eta gosaldu dugu eta, agurtzerako orduan, sortu den kariñoa agerikoa da. Eskerrik asko.


Landa berdez inguraturik iritsi gara Toacazo herrira eta hantxe beste emakume jator batekin elkartu gara. Bideko ustekabe politak.



Ekuadorreko suhiltzaileak ezagunak dira bidaiarion artean beraien eskuzabaltasunagatik. Lasso herrian jo dugu beraiengana lehen aldiz herrialde honetan eta ez digute aterik itxi. Hantxe eman dugu gaua.


Cotopaxi sumendia gertu dugun arren laino artean ezkutatuta eman du eguna. Hori bai, ilunabarrean, eguzkia joaten hasi denean, eder askoa agertu da hurrengo egunetan etorriko dena aurreratuz.


Gure asmoa Cotopaxi Parke Nazionala zeharkatuz Quitora iristea da eta Lasso herritik oso gertu hartu dugu parkera doan bidea. Hasieran, bidegorri txukunarekin, bikaina da goranzko bidea .


Hori bai, aurrerago asfaltozko bide leuna bat-batean harrizko bide bihurtzen da.


Parkeko Rinconada kanpalekuan jarri dugu gure oinarrizko kanpalekua eta hantxe emango ditugu bi gau Cotopaxi sumendia ikusteko asmoarekin. Lainoak direla eta ez da erraza, pazientzia  beharko dugu. Hurrengo goizean eguna lainopean hasi dugu baina zorteko gaude. Alejandro, Jeni eta Nicolas txikiak gaua kanpalekuan eman eta goizean sumendiaren magalean dagoen aterpera joateko asmoa dute. Autoan tokia egin eta bidean gora jo dugu bostok. Aparkalekuan autoa utzi eta ordubeteko oinezko ibilbidea eginda iritsi gara Jose Rivas aterpe dotorera.


Aterpetik oso gertu ikus daitezke sumenditik behera datozen izotzezko isuriak.


Lortu dugu, kostata baina bostak iritsi gara aterpera!


Bigarren gaua pasa eta goizean, eguna berriz ere lainopean esnatu den arren, bizikletaz hasi eta handik gutxira Cotopaxi esnatzen hasi da lainozko izaren artean. Poliki, kostata, baina azkenean garbi agertu da gu agurtzera. Cotopaxi sumendia (5.897m), Ilargiaren Lepoa.



Baina agurrak ez dira inoiz errazak izaten eta parke nazionaletik atera eta berehala bidea harrizko galtzada batean bihurtu zaigu. Maldan behera ondo irabiatuak goazen arren pozik gaude harrizko aldapa hau igo behar ez dugulako.


ETA QUITON, KITO
Horrelaxe, Cotopaxiren begiradapean eta barruan korapilo estu batekin eman ditugu bidaia honetako azken pedalkadak. Quito ondoko Tumbaco herrixkan dagoen Casa Ciclista izan da gure azken geltokia. Hantxe, korapiloak askatzeko gailurik onenak zain geneuzkan: lagunak. Bidaia honi kolore berezi bat zerbaitek eman badio horiek lagunak izan dira. Euskal Herritik etorri direnak, bidean egin ditugunak, bideak elkartu gaituenak… eta horrelaxe izan behar zuen gure bizikleta gaineko azken egunak. Lagunekin eta parrandan. Greziako, Brasilgo, Estatu batuetako, Argentinako eta Euskal Herriko lagunak. BIBA ZUEK!!!


Ezarian, konturatu orduko urtebete pasa da Buenos Airesetik atera ginenetik eta iritsi zaigu etxera bueltatzeko ordua. Gezurra dirudi. Zaila da bizitako guztia ondo barneratu, murtxikatu eta digestioa egitea. Plater asko dastatu ditugu, elikagai ugari. Denbora beharko dugu. Orain bizikletarik gabeko opor egun batzuk ditugu kostaldean eta bueltarako prestatu behar ditugu gure buruak. Ez da erraza izango. Idazten dugun hurrengo aldia, bidaia honetako azkena, etxetik izango da. Eskerrik asko guztioi, baita zeuri ere, irakurle.



IBILBIDEA - RUTA